Astelehenean, azaroaren 22an, da Santa Zezilia eguna. Horren bueltan, musikariek beren eguna ospatuko dute musikari lotutako askotariko ekitaldietan parte hartuz. Urola Kostako herrietan aste honetarako eta datorrenerako antolatu dituzte musika eskolek, abesbatzek nahiz abesbatzek kontzertuak eta kalejirak.
Getarian, esaterako, Salbatore Deuna abesbatzaren mendeurrena gogoan antolatutako egitarauaren barruan, eta Santa Zezilia egunaren bezperan, kontzertua eskainiko du igande honetan abesbatza horrek, 12:30ean, Getariako parrokian.
Musikalean egitasmoaren aurtengo edizioarekin bat eginda, besteak beste, Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolako eta Zestoako Ertxiña musika eskolako ikasleak kalera aterako dira. Azkoitiko musikari gazteak bihar irtengo dira eta Zestoakoak, berriz, gaur arratsaldean ibiliko dira kalean.
Azpeitiarren doinuak
Azpeitian, Santa Zezilia egunarekin lotuta, kontzertu berezia antolatu du Juan Antxieta musikak datorren asteazkenerako. Santa Zezilia egunaren bueltan. Izan ere, jaialdi horretan hainbat azpeitiarren gogoko doinuak entzuteko aukera izango da. 19:00etan hasita gauzatuko dute saioa, Soreasu antzokian, eta dozenaka musikari izango dira agertokian.
Aurtengoan gai berezi bat hartu dute Juan Antxieta musika eskolako kideek kontzertuko errepertorioa osatzeko: Uztarria.eus-ek joan zen udan martxan jarri zuen Azpeitiarren doinuak egitasmoa izango du oinarri emanaldiak. Hain zuzen ere, Uztarriak bost herritarri –Olatz Prat, Kepa Susperregi, Haritz Garmendia, Felipe Murillo eta Deñe Garcia-Bravo– eskatu zien beren euskal kanta gustukoenak zeintzuk diren adierazteko, eta bost lagun horiek ere parte hartuko dute Juan Antxieta musika eskolaren emanaldian.
Bost lagun horiez gain, baina, musika eskolako ikasleak izango dira protagonista. Azpeitian zehar ibilbide bat proposatuko dute horiek, hainbat euskal kantaren bidez. Gainera, Juan Antxieta musika eskolako ikasketak amaitu dituzten herritarrek diplomak eskuratuko dituzte jaialdian bertan.
EKITALDIAK
AZKOITIA
- Bihar, ostirala. Bizkargi Musika eta Dantza eskolako kideek Santa Zezilia egunari lotutako kalejira eta emanaldia egingo dituzte. 18:00etan, trikitilariek eta pandero jotzaileek kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. 18:30ean, berriz, emanaldia egingo dute Kontzejupean. Emanaldian parte hartuko dute, besteak beste, trikitia eta pandero taldeak, soka taldeak, dantza taldeek, nagusien musika tailerreko kideek, klarinete boskoteak eta Bizkargi abesbatzak. Kalejira Musikalean egitasmoaren 14. edizioren barruan antolatu du Bizkargi eskolak.
AZPEITIA
- Azaroak 20, zapatua. Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du, 18:30ean, Soreasu antzokian, Unai Frantsesenaren gidaritzapean. Honako abestiak eskainiko ditu bandak: King cotton (John Philip Sousa), Bolero (Maurice Ravel; moldaketa, Jay Bocook), Eagle bend (James Barnes), Destellos del alba (Ferrer Ferran), New baroque suite (Ted Huggens), Pixkar magic (Newman&Giacchino; moldaketak, Michael Brown) eta Samba de Aida (Giuseppe Verdi; moldaketak, Toshio Mashima).
- Azaroak 24, asteazkena. Herritarren doinuak kontzertua, Juan Antxieta musika eskolakoekin. 19:00etan, Soreasun.
GETARIA
- Azaroak 21, igandea. Salbatore Deuna abesbatzaren mendeurrena gogoan antolatutako ekitaldien barruan, Salbatore Deuna abesbatzaren kontzertua, 12:30ean, parrokian.
ORIO
- Gaur, osteguna. Santa Zezilia eguna ospatzeko, kontzertua emango dute, 18:30ean hasita, herriko plazan. Danbolin musika eskolako ikasleek, Bandak, trikitilariek, dantzariek eta soken taldeak parte hartuko dute emanaldian.
ZARAUTZ
- Azaroak 21, igandea. Txinpirin eta Zarautz-Txiki haur eta gaztetxoen abesbatzek kontzertua eskainiko dute, 19:00etan, Merkatu plazako bigarren solairuan. Zarautz Abesbatzak herriko gaztetxoak animatu nahi ditu kontzertua entzutera.
- Azaroak 25, osteguna. Imanol Urbieta musika eskolako ikasleak kalejiran aterako dira herriko kaleak musikaz girotzera. 17:15ean abiatuko dira guztiak musika eskolatik, eta hiru taldetan banatuko dira gero. Txistulariek, trikitilari eta pandero-jotzaileek eta haizezko musika tresnek ibilbide ezberdinak egingo dituzte, eta Lapurdi kalean, musika eskolaren parean, amaituko dute guztiek kalejira.
ZESTOA
- Gaur, osteguna. Santa Zezilia eguna ospatuko dute Ertxiña musika eskolan. Musikalean egitasmoaren barruan, trikiti taldea eta banda txikia kalejiran eta eskolako ikasleak kantuan aterako dira kalera.
- Azaroak 20, larunbata. Herriko Musika Bandaren kontzertua, 20:00etan hasita, kiroldegiko aterpean. Marrazki bizidunetako abestiak interpretatuko ditu bandak, eta kontzertuaren aurretik kalejira egingo du. Kontzertuan honako abestiak joko ditu: TV Cartoons in Concert (G. Salvagni), Txirri, Mirri eta Txiribiton lehen abesti bilduma (J. I. Ansorena, J. Oiartzabal), The Muppet Show Theme (H. Henson-Pottle), Aladdin (P. Jennings), Los Simpsons (D. Elfam eta P. Jennings), Super Mario Bros (K. Kondo eta T. Hoshide).
ZUMAIA
- Gaur, osteguna. 17:30ean, Zumaienako erlauntzan: Musika Eskolakoen entzunaldia.
- Azaroak 20, larunbata.
*10:00etan, Zumaiako Txistulari Bandaren kalejira, Ubillos jauregitik aterata.
*11:15ean, San Juan egoitzan eta 12:00etan, Otezurin, San Pedro abesbatzaren kontzertu ibiltaria.
- Azaroak 21, igandea.
*11:00etan, Beheko Plaza Abesbatzak kantatutako meza, parrokian.
*19:00etan, Alize Mendizabalen organo kontzertua, parrokian.