Eskolako umeek botatako txupinazoarekin hasi dituzte sanmartinak Errezilen

Mailo Oiarzabal 2021eko azaroaren 11

Zaindariaren egunarekin hasi dira ospakizunetan errezildarrak. Meza ere izan dute goizean, eta horren ondoren hamaiketakoa egiteko elkartu da hainbat herritar Borondegi ostatuan. Arratsaldean berrekingo diote egitarauari, eta asteburu osoan jarraituko dute festak ospatzen.

Iazko hutsunea eta gero, itzuli dira jaiak Errezilera. Ekainean sanantonioak ohiko moduan ospatzerik ez zuten izan errezildarrek; baina San Martin jaiak bai, eta gaur bertan, zaindariaren egunarekin, hasi dira horiek ospatzen.

Eguerdian, herriko eskolako hainbat haur elkartu dira udaletxean, beraiek izan baitira 2021eko sanmartinen txupinazioa botatzeko ohorea izan dutenak. Hori baino lehen, meza izan dute goizean parrokian, eta ondoren hainbat herritar elkartu da hamaiketakoaz gozatzera Borondegi ostatuan.

Festetako lehen eguneko lehen orduak horrela joan dira, eta arratsaldean berrekingo diote egitarauari errezildarrek. 19:00etatik aurrera, pintxo poteoa eta futblin txapelketak egingo dituzte. Bihartik igandera ere izango da zer egin eta zertaz gozatu Errezilgo sanmartinetan, eta Jubilatuen Egunarekin bukatuko dira aurtengo festak, azaroaren 21ean. Hona hemen, datozen orduetan eta egunetan San Martin jaiek emango dutena:

Gaur, osteguna. San Martin eguna

– 19:00etan: Pintxopoteoa Borondegin, Erniopen eta Akerran.

– 20:30ean: Haurren futbolin txapelketa.

– 22:00etan: Helduen futbolin txapelketa.

Azaroak 12, ostirala 

– 17:00etan: Iagomago, frontoian. 

– 19:30ean: Trikipoteoa herriko trikitilariekin, herrian zehar.

Azaroak 13, larunbata 

– 17:00etan: Triki eta bertso poteoa herrian zehar, Amaia Agirre eta Alaia Martin bertsolariekin, eta Unai Izagirre Attola eta Haritz Garmendia trikitilariekin. 

– 20:00etan: Sagardo eta pintxo dastaketa, dantzalekuan edo frontoian.

Azaroak 14, igandea 

– 12:00etan: Krosa haurrentzat (izen ematea 11:30ean) 

– 17:00etan: Bideak dokumentalaren emanaldia eta tertulia, Aritz Ganboa artzainarekin, eskolako gimnasioan. 

Azaroak 21, igandea 

– 13:00etan: Meza nagusia.

– 14:00etan: Jubilatuen bazkaria, bertsolariekin eta trikitilariekin girotuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide