Azken asteetan argindarraren prezioa igotzen ari da egunez egun, eta markak hausten jarraitzen du. Horren harira, deialdia egin die herritarrei EH Bilduk egoeraren aurrean "nahikoa da" esateko, eta bihar, 22:00etatik 22:30era, itzalaldia eta lapiko-jotzea deitu ditu. Eskualdeko herrietako EH Bilduren udal taldeek bat egin dute deialdiarekin, eta Urola Kostako herritarrak beren etxeetatik bat egitera animatu dituzte. Getarian, berriz, 22:00etan herriko plazara joateko deia zabaldu dute, eta bertan egingo dute lapiko-jotzea.
"Enpresa elektriko handiak gure herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean ez gara besoak gurutzatuta egongo", azaldu du koalizioak. "Salatuko dugu ez dugula argindarraren prezioa ezartzeko behar besteko subiranotasun energetikorik; Espainiako Estatuan, berriz, alderdi handiek ez dituzte geldiarazten argindar elektrikoen botere eta diru nahiak, eta ez dugu ahaztu nahi alderdi horietako ordezkari esanguratsuak daudela enpresa elektrikoen administrazio kontseiluan".
EH Bilduren deialdiarekin bat egin dute "Kataluniako eta Galiziako indar independentistek" ere, eta nazio horietan ere une berean egingo dute itzalaldia. Alderdi politikoez gain, beste hainbat eragile ere batu dira protestara. Zumaian, esaterako, honako hauek egin dute bat: ELA, LAB, ESK, CCOO, Pentsionisten Mugimendua, Malen Etxea, Mugimendu Feminista, Errefuxiatuen Harrera Elkartea, Darahli, Gure Esku, Natur Taldea, Etxebizitza Asanblada, Ernai. Getarian, eragile hauek batu dira: Jubilatu eta Pentsiodunen Mugimendua, Getaiko Gaztetxia, Mariñak talde feminista, Indauxeko Langileen Batzordea, ELA eta LAB.
Itzalaldirako deia luzatzearekin batera, eskualdeko udalek egin dituzten azken udalbatzarretan mozioa aurkeztu dute zenbait herritan EH Bilduren udal taldeek, argindar enpresen "iruzur larria" salatzeko eta "burujabetza energetikoa" aldarrikatzeko. Mozioa Azpeitiko Udalean eta Getariakoan onartu zen, eta ez zen aurrera atera, aldiz, Zarauzkoan.