Gipuzkoa zeharkatzen ari den Ibilian-ibilian, etxerako bidean leloak Urola Kosta hartuko du gaur, bi astez bertan geratzeko. Solasaldiak, manifestazioa edota bizikleta itzulia egingo dituzte, besteak beste, eskualdeko herrietan. Uztailaren 31n, esaterako, errepidez eta itsasoz eskualdea elkartuko duen Ibilian-Ibilian ekimena egingo da, eta abuztuaren 1ean, Etxeratek urtero antolatzen dituen hondartzetako mobilizazioak. Antolatzaileek ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Egitasmoaren berri eman zuten Urola Kostako Sareko eta Etxerateko kideek, Getarian herenegun egindako agerraldian. Azaldu zutenez, dinamika horrekin, eta horren bueltan antolatutako ekitaldiekin, bultzada eskaini nahi dute "euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako prozesua egin dezaten, urratsez urrats".
"Antton, Ekaitz, Gregorio, Gotzon eta Pow etxera bidean jarri nahi ditugu, Euskal Herrira ekarriz, graduen progresioa ahalbidetuz eta hiru laurdenak bete dituztenen kasuan baldintzapeko askatasuna egi bilakatuz", gaineratu zuten. Horretarako, nabarmendu zutenez, "herritarrok aktibo jarraitu behar dugu, bidea eginez, urratsak emanez, aldarria kalean mantenduz".
Gaur Zestoan solasaldia
Deportazioaren inguruko solasaldi batekin hasiko dituzte ekitaldiak. Zestoan izango da saioa gaur, Alonderoko aretoan, 18:30ean hasita. Sarek urtero antolatzen duen bizikleta itzuliaren hirugarren etapa, berriz, Zumaiatik abiatuko da uztailaren 24an. Egun horretan bertan, pala txapelketa mistoak jokatuko dituzte Aian, Orion eta Zarautzen. Hilaren 28an, Los deportados de ETA liburua aurkeztuko du bere egileak, Susana Paniseyok, 18:30ean, Zestoako Alonderon.
Aurtengo ekimena senide eta lagunentzako berezia izango dela ere azpimarratu zuten, "urte luzeetan pairatu dugun urruntze politika krudelarekin amaitzen hasiak garelako".
Salbuespenezko espetxe politika aldatzea eskatzeko manifestazioa
Sarek udan martxan jarritako kanpainarekin bat eginez, Azpeitiko dinamikak presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko manifestaziora deitu du ostiralean. IbilianIbilian, etxerako bideanlelopean egingo dute manifestazioa, 19:00etan plazan hasita.
Salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko herritarren bultzada "ezinbestekoa" dela irizten dio Sarek; "honaino iritsi bagara, horri esker izan da".
Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika aldatzeko ihes egiten uzterik ez dagoen unea dela uste du Sarek. Era berean, presoak Andaluziako (Espainia) espetxeetatik lekualdatu izana eta Madril eta Euskal Herria arteko kartzeletara gerturatu izana "urrats garrantzitsua" izan dela adierazi du.