Sare Herritarra eta Bake Bidea plataformek antolatuta, Euskal Herriko 650 tontorretara ibilaldiak egin dituzte herritarrek gaur. Izan ere, Sareren helburua da Euskal Herriko biztanle kopurua kilometrotan egitea, euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen etxerako bidea irudikatzeko, horien eskubideen alde jarduten baitute bi taldeek.
Urola Kosta eskualdeko herrietako Sare dinamikek hainbat tontorretara igotzeko deialdiak egin dituzte, eta herritarrek ondo erantzun dute. Zehazki, Pagoeta, Kukuarri, Samiño, Kakute, Xoxote, Erlo, San Anton, Inda Mendi, Sesiarte, Santa Engrazi, Ertxiña edota Andutz mendietara egin dituzte ibilaldiak.
Hona hemen herriz herriko irudiak:
Azpeitia
Azpeitian ez diote Sareren deialdiari hutsik egin, eta 140 herritar inguru elkartu dira Erlo, Xoxote eta Arauntza mendietan. Azpeitiarrek 1.600 kilometro inguru batu dituzte 15.000 kilometro osatzeko erronkara.
Azkoitia
Herritar ugarik egin du bat Azkoitiko Sare Herritarrak egindako deialdiarekin, eta bi tontorretara abiatu dira 09:30ean. Plazatik atera da Kakuteko gurutzera joan den taldea, eta Martirietako Epelde baserriko bidegurutzetik Samiñoko tontorrera abiatu diren lagunak. Behin tontorrera iritsita, argazkiak atera dituzte ekimenean parte hartu duten guztiek.
Errezil
Errezildarrak Hernio mendira igo dira.
[gallery size="medium" columns="2" ids="416490,416489"]
Getaria
Getarian, San Antonera egin dute ibilaldia. San Antonen magalean atera dute argazki jendetsua, presoen eskubideen aldeko aldarriekin.
(Argazkia: Artzape.eus)
Orio
Zarautz
Zarautzen ere hainbat herritarrek hartu dute parte Pagoetara egin duten mendi irteeran. 09:00etan abiatu dira Azken Portutik, Guria taberna aurretik, eta 11:30ak aldera tontorreko gurutzean argazkia atera dute. Aiako bizilagunak ere bertaratzeko hitzordua zuten jarrita.
Zestoa
Zestoarrak Sesiartera, Santa Engrazira eta Ertxiñara joan dira; Santa Engrazin 43 lagun elkartu dira, Sesiarten 30 eta Ertxiñan 70. Arroarrak, berriz, Andutzera joan dira, eta 11:30ean argazkia atera dute tontorrean.
[gallery columns="2" size="medium" ids="416447,416446,416445,416444"]
Zumaia
Zumaian, Indamendira ibilaldia egiteko hitzordua zuten antolatuta, eta herritar ugarik egin du bat deialdiarekin. 9:30ean atera dira itsas kiroldegitik, eta 11:30ean atera dute argazkia tontorrean.