Bihar eskualdeko mendietara igotzeko deialdia egin du Sarek

Amaia Urbieta Arruti 2021eko maiatzaren 7a

650 tontorretara igoerak antolatu ditu preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko plataformak. Euskal Herriko biztanle kopurua kilometrotan egitea da erronka.

Sare Herritarra eta Bake Bidea plataformek antolatuta, Euskal Herriko 650 tontorretara ibilaldiak egingo dituzte herritarrek bihar. Izan ere, Sareren helburua da bihar Euskal Herriko biztanle kopurua kilometrotan egitea, euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen etxerako bidea irudikatzeko, horien eskubideen alde jarduten baitute bi taldeek.

Urola Kosta eskualdeko herrietako Sare dinamikek hainbat tontorretara igotzeko deialdiak egin dituzte. Zehazki, Pagoeta, Kukuarri, Samiño, Kakute, Xoxote, Erlo, San Anton, Inda Mendi, Sesiarte, Santa Engrazi, Ertxiña edota Andutz mendietara igotzeko antolatu dituzte ibilaldiak. Gehienek tontorrean finkatu dute hitzordua, bertan parte hartzaile denen artean argazki jendetsua ateratzeko.

Herritar orok parte hartu ahal izango du bihar gauzatuko diren txangoetan. Irteeretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, baina Sarek horretarako aukera jarri du herriz herri, online nahiz ohiko tabernetan jakinarazita.

Joan zen urteko irailaren bukaeran zen Sare 650 tontorretara igoerak egitekoa, baina eguraldi txarra medio, atzeratu egin zuten data. Izan Bidea egitasmoaren barruan prestatu du Sarek tontorren egitasmoa, eta herritarrei irteeretan parte hartzeko deia egin die, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea eskatzeko.

TONTORRAK
-Aia. Aiatik edo Urdanetatik, Pagoeta igoko dute, 10:00etan irtenda. 11:30ean, Pagoetako gurutzean argazkia aterako dute.
-Azkoitia. Samiñora, 09:30ean abiatuta, Martirietako Epelde baserriko bidegurutzetik. Kakutera, berriz, 09:30ean abiatuta, herriko plazatik.
-Azpeitia. Xoxotera eta Erlora, 09:00etan aterata herriko plazatik. Argazkia aterako dute 11:00etan Xoxoten, eta 11:30ean izango da ekitaldia.
-Getaria. San Anton mendira igoko dira. Parte hartzaileak 11:30ean elkartuko dira Gudarien Enparantzan, eta 12:00 inguruan, taldeko argazkia aterako dute Katxapon.
-Orio. Kukuarrira igoko dira. Ez dituzte abiatzeko ordua eta lekua zehaztu, baina 11:30ean jarri dute gurutzean argazkia ateratzeko hitzordua.
-Zarautz. Pagoetara egingo dute mendi irteera, 09:00etan Guria taberna aurretik aterata. 11:30ean gurutzean argazkia ateratzeko hitzordua finkatu dute.
-Zestoa. Herrigunetik 08:00etan irtenda Sesiartera joango dira; 09:00etan aterata, Santa
Engrazira; eta 09:30ean irtenda, Ertxiñara. Irteera denak Gurutzetik izango dira. 11:00etan argazki bateratua aterako dute. Arroatik doazenak, berriz, 09:00etan Arroako plazatik irtenda Andutzera joango dira. 11:30ean tontorrean argazkia aterako dute.
-Zumaia. Indamendira irteera antolatu dute. 09:30ean irtengo dira itsas kiroldegitik, eta tontorrean argazkia aterako dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide