Langile publikoen behin-behinekotasuna salatzeko greba eguna da gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki, langile publikoak deitu dituzte gaur grebara ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek. Urola Kostako herrietan ere ari da antzematen greba egunaren eragina, batean eta bestean jarraipena desberdina izaten ari den arren.
Zestoan, udal langileek bat egin dute greba deialdiarekin, eta, ondorioz, gaur udal zerbitzuak itxita daude herri horretan. Azpeitian ere greban dira hainbat udal langile, udal eraikin eta zerbitzu guztiak normaltasunez ari dira martxan. Azkoitiko Udalean ere planto egin dute hainbat langile publikok; 67 langile daude guztira udalean, eta %24k bat egin dute sindikatuen deiarekin. Bestalde, Urola Erdiko Mankomunitateko langileek ere bat egin dute gaurko greba deialdiarekin, eta, ondorioz, hondakinen bilketan gutxieneko zerbitzuak beteko dituzte: industriako atez ateko bilketa egingo dute eta herriko edukiontzien guneak txukunduko dituzte Azpeitian, edukiontziek gainezka egin ez dezaten, eta Zestoan atez atekoaren ordez edukiontziak jarriko dituzte; baina edukiontzirik ez dute hustuko gaur Azpeitian, eta merkataritzako atez ateko zerbitzurik ere ez dute emango herri horretan.
Hezkuntza publikoaren sareari dagokionez, Zestoako Herri Ikastetxean langileen %97k egin du bat deialdiarekin, eta beraz, gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira gaur zentroan. Aizarnazabalgo Basakaitz ikastetxean, irakasleen %56k egin du lanuztea, eta, ondorioz, ikasleak ez dira eskolara joan. Azpeitian, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, esaterako, Haur Hezkuntzako eraikinean lan egiten duten beharginen %30,76 ari da greba egiten gaur, eta Lehen Hezkuntzako eraikinean aritzen diren langileen %18,86 ere bai.
Dena den, autobus, zaintza eta jangela zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute gaurko egunez. Urola Ikastolako langileek, berriz, herenegun egin zuten bozketa, baina quorumik ez zuten lortu. Hori dela eta, irakasle batzuk falta dira gaur, baina eskolak "ahal den neurrian normaltasunez" ari dira eskaintzen. Grebak eragin gehiago izango du Helduen Eskolan: izan ere, lau irakasletik hiruk egin dute bat grebarekin. Azkoitian, Xabier Munibe Ikastolan Haur Hezkuntzako irakasleen %7,4k egin dute bat greba deialdiarekin, eta Lehen Hezkuntzan, %15ek.
Hezkuntza bereziko hezitzaileen kasuan altuagoa izan da greba egin dutenen kopurua; hain zuzen ere, hezitzaile horien %80 ez da lanera joan. Dena den, autobus, zaintza eta jangela zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute gaurko egunez. Bestelako egoera izan da Azkoitia BHIn, zentro horretako arduradunen arabera, "normaltasunez" ari baitira lanean hango langileak. Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan ere hainbat izan dira grebarekin bat egin duten pertsonak. Guztira, 41 behargin publiko daude ikastetxe horretan, eta horien %34k bat egin dute grebarekin. Errezilgo San Martin Herri Eskolan, aldiz, ez dute grebarik egin.
Azpeitiko anbulatorioko behargin batzuek ere egin dute bat grebarekin, baina oraindik ez dute daturik eman.
Kostan ere eragina
Kostako herrietan ere eragina izaten ari da sindikatuek langile publikoen behin-behinekotasuna salatzeko deitu duten greba deialdia.
Aian, esaterako, udaletxea irekita dago eta normaltasunez ari dira lanean. Dena dela, Lardizabal Eskolako langileen %100ak egin du bat greba deialdiarekin eta zerbitzu minimoak eskaintzen ari dira bertan. Orion, berriz, Orioko udal-langileek, batzarrean bilduta, greba orokorrarekin bat egitea erabaki zuten astelehenean eta, beraz, gaur itxita daude udaletxea, kultur etxea, musika-eskola eta, orokorrean, udal-langileek irekitzen dituzten udal-eraikin guztiak. Zaragueta Herri Eskolan, berriz, langileen %63ak egin du bat grebarekin eta zenbait ikasle eskolara joan direla azaldu dute.
Getarian ikastetxean eduki du eragina, Iturtzaeta Eskolan, baina txikia, 30 irakasletatik lauk bakarrik egin dutelako bat grebarekin. Udal langileek, berriz, ez dute greba egin.
Zumaian oraingoz udalak ez du daturik eman grebarekin bat egin duten edo ez duten udal langileen kopuruaren inguruan. Hezkuntzan, ordea, eragina nabarmena ari da izaten. Batetik, HH2tik LH6ra 756 haur baldin badaude matrikulatuta, horietatik 51 bakarrik joan dira eskolara gaur, eskolako ordezkariek esan dutenez. Gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean, gainera, irakasleen %65ek egin dutelako bat grebarekin Aita Mari eraikinean, eta beste eraikinekoen %63ek. Protestara langileak deitu dituzten arren, ikasle helduenek ere hartu dute hitza gaurkoan –DBH3, 4 eta Batxilergokoek–. Esaterako, institutuan irakasleen %28k egin dute greba (74 langiletatik 21ek, zehazki esateko), baina ikasleen gehiengoak egin du bat Ikasle Abertzaleak gazte mugimenduaren deialdiarekin, eta eskolara bertaratu badira ere, alde egin dute 09:45ean. Datu horiek eman dituzte institutuko ordezkariek.
Oikiako Eskolan irakasleen erdiek baino zertxobait gehiagok egin dute bat grebarekin, baina ez da ikasle bakar bat bertaratu (25 ikasle dira gaur-gaurkoz).
Zarautzi dagokionean, itxita egon da Herritarren Arreta Zerbitzua eta greba egin dute hainbat udal langilek, baina gainontzean, udaletxeak "normaltasunez" funtzionatu duela argitu du udalak. Liburutegian eta kiroldegian, berriz, ez du eraginik izan grebak.
Hezkuntzan, aldiz, jarraipena zabalagoa izan da. Orokieta ikastetxetik eta Lizardi institututik jakinarazi dutenez, Herri Eskolan irakasleen %12,8k egin dute greba, eta sukaldarien %33k. Institutuan, berriz, irakasleen %26k egin dute greba. Beste hainbat esparrutan %100eko zerbitzu minimoak ezarrita zituzten gaurko, beraz, anbulatorioan, esaterako, ez du jarraipenik izan grebak.
Elkarretaratzea
Gaurko grebarekin lotuta eskualdean iragarrita zegoen mobilizazio bakarra eguerdian burutu dute Zestoan. LAB sindikatuak deituta, herriko plazan elkartu dira zenbait herritar, Lanpostu publikoak sortu-egonkortu. Pribatizaziorik ez! zioen pankartaren bueltan.