Eskualdeko 11 batel lehiatuko dira gaur Gipuzkoako Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2021eko apirilaren 11

Pasai Donibanen jokatuko da txapelketa gaur, igandea, 11:00etan hasita. Orioko eta Zumaiako launa ontzi lehiatuko dira, Zarauzko bi eta Getariako bat.

Atzo amaitu zen Kluben Arteko Gipuzkoako Batel Liga, Pasaian. Bertan jokatu zuten azken jardunaldia, eta bertan izango dira gaur ligan aurreneko postuetan gelditu direnak, Gipuzkoako Txapelketa jokatzen.

Eskualdeak ordezkari asko izango du, batez ere Oriok eta Zumaiak. Launa batel uretaratuko dituzte, beste bi Zarautzek, eta bat Getariak. Fin ibili dira Orio eta Zumaia ligan, batez ere oriotarrak, ligako txapeldun izan direlako infantil, kadete eta jubeniletan mutilak, eta neskak ere bai jubenil mailan.

Zumaiarrek hiru onenen artean amaitu dute liga kategoria askotan (infantil nesketan, promesetan, kadeteetan eta jubenil mutiletan), eta horiek izango dira lehian gaur Pasaian.

Zarauztarrei dagokienez, kadete eta jubenil mutilek eskuratu dituzte txartelak gaur txapelketa jokatzeko, eta Getaria, berriz, infantil mutiletan lehiatuko da, liga laugarren postuan amaitu zuenez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide