Getariako alde zaharrean lanak egingo dituzte asteartetik aurrera

Juan Luis Romatet 2021eko apirilaren 2a

Getariako alde zaharrean egingo dituzten bi lanen berri eman du udalak. Lan hauek asteartean, hilaren 6an, hasiko dira.

Batetik, Elkano, Arnao Generala eta Aldamar kaleetako irisgarritasuna hobetzeko mendela jarriko duela iragarri du Getariako Udalak. Lan hauek datorren asteartean, apirilaren 6an hasiko dira, eta hauen helburua gaur egungo harrizko galtzada harriek sortzen dituzten oztopoak gainditzeko 80 zentimetroko zabalera izango duen gune lau eta jarrai bat egokitzea dela azalu dute. 

Aurrekontua 103.288,02 eurokoa da, eta lanak Art Eraikuntza S.L. etxeak egingo ditu. Hobekuntza hauek 2020an idatzitako irisgarritasun planean jasotako lanketak direla gaineratu du udalak. 

Bestalde, "herriaren memoria historikoa errekuperatzeko bidean", herriko harresi zaharraren trazatua pasatzen zen tokian zoladura aldatuko da. Lan hauek ere apirilaren 6an hasiko dira, eta eguraldia lagun bada, behintzat, ekainaren 30erako amaitutzat ematea espero du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide