XXX. Zarauztarra Saria jokatuko dute gaur kadeteek

Onintza Lete Arrieta 2021eko martxoaren 21a

Zarauzko Astitik aterako dira 09:30ean lehen urteko kadete txirrindulariak, eta 11:30ean bigarren urtekoak. 52 kilometroko ibilbidean Zestoaraino egingo dute joan-etorria, bidean Getariatik eta Zumaiatik pasata, eta zirkulazioan eragina izango duela gogorarazi du Trafiko Zuzendaritzak.

52 kilometroko ibilbidea egingo dute XXX. Zarauztarra Sarian txirrindulari proban parte hartzen duten lehen urteko eta bigarren urteko kadeteek. Zarautzen Astitik atera, eta Nafarroa kaletik parrokia aldera egingo dute, han Getariarantz jarraitzeko N-634 errepidetik. Zumairaino iritsiko dira, eta saihesbidetik Txikierdira iritsiko dira, Oikiara hartu, Aizarnazabalerantz segi Iraetara arte, eta handik Arroara jarraituko dute.

Arroa Behean, berriz Txikierdira, eta bigarren buelta egingo dute, Oikia, Aizarnazabal, Iraeta eta Arroa zeharkatuz. Gero, berriz Getariarako bidea hartuko dute, eta Zarautzen Nafarroa kale osoa zeharkatuko dute, autobideko biribilgunean kanpinerako bidea hartuz. Han izango da helmuga, Mendibeltz bidean.

Zirkulazioa tarteka eten egingo du Udaltzaingoak Zarautzen, baina mozketa puntualak izango direla azaldu du. Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ere gogorarazi du zirkulazioari eragingo diola txirrindulari proba horrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide