18 positibo zenbatu dituzte Urola Kostan, azken orduetan

Aiora Larrañaga 2021eko martxoaren 11

Zarautzen bederatzi kasu atzeman zituzten atzo eta zazpi Azpeitian.

Asteak aurrera egin ahala, gora egin dute positibo berriek eskualdean. Positibo bakar batzuk soilik atzeman zituzten astearen hasieran Urola Kostan, baina atzo 18 kasu berri zenbatu zituzten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Horien erdiak Zarautzen atzeman zituzten, bederatzi kasu, hain zuzen ere, eta gora egin du herri horretako 100.000 biztanleko 14 eguneko tasak: 149,91koa da gaur gaurkoz, baina eremu horian jarraitzen du.

Zarautzen bezala, Azpeitian ere gora egin du kutsatu kopuruak, eta atzo zazpi kasu berri hauteman zituztela adierazi du Osakidetzak. Hala, intzidentzia tasa 203,68koa da.

Eskualdean zenbatutako beste bi kasuak Aian eta Azkoitian atzeman dituzte. Aiaren kasuan, azken astean detektatutako bigarren kasua da atzokoa – astelehenean hauteman zuten bestea–; 100ekoa da intzidentzia tasa herri horretan.  Azkoitian ere kasu bakarra atzeman dute, eta asteburuan zenbatu zituzten beste bi kasurekin, astebetean herri horretan izan duten hirugarrena da, baina egoera epidemiologikoa ona da Azkoitian, bost mila biztanletik gorako herrien artean eskualdeko intzidentzia tasarik txikiena baitu, 66,76koa, hain zuzen ere .

Datuak lurraldeka

Atzokoan 9.560 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta denera 414 positibo atzeman zituzten. Horietako 201 Bizkaian zenbatu zituzten, 58 Araban, 106 Gipuzkoan eta 47 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Gaur gaurkoz, %4,3koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,32koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoera hobetzen ari da apurka-apurka, apaltzen ari delako koronabirusak erietxeetan duen eragina ere. Atzo 31 ospitaleratze berri egon ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta denera 228 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik hiru lurralde horietan; Zainketa Intentsiboen Unitateari dagokionez, 100 pertsona daude bertan, atzo baino bost gutxiago. Nafarroan, aldiz, lau lagun ospitaleratu zituzten atzo COVID-19a dela dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide