Bailarako herriak aldarrikapenez bete dira beste urte batez Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean. Goizean goizetik hasita hainbat ekitaldi egin dituzte herrietan, baina mobilizaziorik jendetsuenak arratsaldean izan dira.
Azpeitian, esaterako, bi manifestazio izan dira. Lehenik eta behin, Basanderiek talde feministak deitutako manifestazioa izan da, eta hainbat herritarrek bat egin dute deiarekin. Horren ostean, berriz, Urola Erdiko Itaiak egin du manifestazioa, 19:30ean hasita, eta mobilizazio horretan ere hainbat herritar izan dira.
Azkoitian, berriz, 19:00etan egin dute manifestazioa Sostenipe talde feministak deituta, eta Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean, ozen entzun dira manifestarien aldarriak herriko kaleetan zehar.
Horrez gain, Aizarnazabalen eta Zestoan ere 19:00etan izan dira elkarretaratzeak, eta hainbat pertsonak parte hartu dute bi herri horietako mobilizazioetan.
Kostako herrietan 18:30ean ekin diete arratsaldeko mobilizazioei. Zarautzen ordu horretan abiatu da Zarauzko Koordinadora Feministak antolatutako manifestazioa, Mugen gainetik salto, feministok saretu zioen pankarta buruan zela. Bi errenkada luze osatuta ehunka pertsonak Zarauzko kaleak zeharkatu ostean, Munoa plazan amaitu da mobilizazioa.
Orion eta Zumaian, aldiz, 19:00etan izan dira manifestazioak. Xaltxerak talde feministak egin du Orioko deialdia, eta Zumaiako Mugimendu Feministak Zumaiakoa. Sistema arrakalatzeko deia egin dute Orion hainbat eta hainbat pertsonak, eta ezohiko moduan bukatu dute mobilizazioa: Zutik emakumeak abestu ostean, zubian eskegi dute gaurko pankarta. Zumaian, bestalde, Beheko Plazan amaitu dute ibilbidea, Bizitzak erdigunera. Dena aldatu, sistema arrakalatu aldarri hartuta.