Azken orduetan zortzi kasu berri baieztatu dituzte eskualdean

Dorleta Agiriano Lai 2021eko martxoaren 2a

Atzoko probetan Azpeitian, Zarautzen Zestoan eta Zumaian izan ziren emaitza positiboak. Azpeitian gora egin du kasu metatuen tasak, eta eskualdeko bost herrik jarraitzen dute eremu horia izaten: Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. 421 kasu izan dira Hego Euskal Herrian, eta behera egin du positibotasun tasak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu ditu atzoko PCR eta antigeno probetako emaitzak. Urola Kostan zortzi kasu positibo detektatu dituzte atzoko probetan, duela astebete baino bi gehiago. Hain zuzen, lau lagunek eman dute positibo Azpeitian, bik Zarautzen eta banak Zestoan eta Zumaian.

Azpeitian lau emaitza positibo izan ziren herenegungo probetan ere, eta azkeneko datuak kontuan hartuta, gora egiten jarraitzen du 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak: 164,26koa zen ostiralean, 183,97koa atzo, eta 210,25ekoa gaur. Zumaian berdin mantendu da kasu metatuen tasa, eta atzo bezala, 183,17koa da une honetan. Zarautzen, ordea, atzo kasu berriak atzeman zituzten arren, behera egin du intzidentzia tasak: 145,63koa zen atzo eta 128,5ekoa da gaur-gaurkoz.

Eremu horia izaten jarraitzen dute hiru udalerri horiek, baina ez dira egoera horretan dauden eskualdeko herri bakarrak. Atzokoan kasu berririk zenbatu ez bazuten ere, semaforoko argi horia piztuta dago oraindik Azkoitian nahiz Orion. Intzidentzia tasa 75,11koa da Azkoitian, eta 163,08koa Orion.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zen kasu berririk izan atzo.

425 kasu Hego Euskal Herrian

Atzo, astelehena, COVID-19a atzemateko 10.268 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian. Emaitzetan 190 positibo berri detektatu dituzte Bizkaian, 110 Gipuzkoan, 62 Araban, lau beste lurralde batzuetan eta 59 Nafarroan; alegia, 425 guztira. Positibotasun tasari dagokionez, %4,3koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,4koa Nafarroan. Behera egin du, beraz, positibotasun tasak: herenegungo emaitzetan %4,7koa izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %5,4koa Nafarroan.

Une honetan 121 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan. Atzokoan 36 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira, 268 lagun daude Osakidetzako erietxeetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide