ELAk, LABek eta Steilasek Haurreskolak partzuergoko haur eskoletan hiru eguneko grebara deitu dute; atzokoa, gaurkoa eta biharkoa izango dira greba egunak. Haur eskoletako deialdia hiru sindikatu horiek urtarrilean hasitako mobilizazioen bigarren zatia izango da; joan den hilaren 25ean eta 27an egin zituzten aurreneko bi grebak. Deitzaileek salatu dute Haurreskolak partzuergoaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko arduradunen "negoziatzeko borondate eza", eta "langileen baldintzak okertu ez ezik, partzuergoa bera arriskuan jartzen duten aldebakarreko erabaki politikoak" kritikatu dituzte. Haur eskola txikien biziraupena "zalantzan" dagoela ere ohartarazi dute sindikatuek.
Sei eskari nagusi aldarrikatzeko deitu dituzte greba egunak: "Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen norbera babesteko ekipamenduen horniketan Haurreskolak partzuergoa ere gehitzea; eta aurrekontua handitzea".
Urola Kostako haur eskola publikoetako langileen gehiengoak bat egin du grebarekin. Aiako Kimu haur eskolan bi hezitzailek egiten dute lan, eta borrokaren alde agertu diren arren, gutxieneko zerbitzuak mantentzeko, ezinezkoa zaie greba egitea. Azkoitian, Xabier Munibe haur eskolan, sei hezitzailetik batek egingo du greba; %16,6k, alegia. Azpeitian, Uztaro haur eskolan, sei hezitzaile daude, eta guztiek egin dute bat grebarekin; Urrestillako hiru hezitzaileek ere bat egin dute deialdiarekin. Errezilen, bi hezitzailetik batek egingo du greba, gutxieneko zerbitzuak mantendu beharragatik. Getariako Katxapo haur eskolan, bost hezitzaileek egin dute bat deialdiarekin. Orion, Maria Maestra haur eskolan, grebak %28ko jarraipena izango du; zazpi hezitzailetik bik egingo dute lanuztea. Zarauzko haur eskolan, langileen %56,25ek egin zuten bat atzo grebarekin, baina gaur eta bihar gutxiagok egingo dute. Izan ere, hezitzaile batzuek adierazi dute ezin diotela aurre egin hiru eguneko soldata galtzeari. Hala, gaur %44,45ek egingo dute greba, eta bihar %15,79k. Zestoako haur eskolan, lau hezitzaileek egingo dute greba; Arroa Behean bi hezitzaile daude, eta biek greba egin nahi duten arren, ezinezkoa zaie, gutxieneko zerbitzuak eman behar dituztelako. Zumaian, Arrangoletan greba egingo dute, eta, aldiz, Aita Mariko haur eskolan ez.