Hirugarren olatuaren une gogorrenak atzean uzten ari da eskualdea. Atzo beste bederatzi positibo zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Urola Kosta. Hala ere, birusak hemen jarraitzen badu ere, albiste pozgarria da herri guztiak eremu horian aurkitzen direla.
Bederatzi kasu hauetatik ia, lau, Zarautzen detektatu ditu Osasun Sailak. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herrian, baina oraindik ere horiz margotuta jarraitzen du Zarautzek. Gaur-gaurkoz 278,41 puntuko intzidentzia tasa dute zarauztarrek.
Kasuen hazkunde txiki bat izan du Zumaiak azken egunotan. Bi kasu gehitu zituen atzo Osakidetzak herrian, eta intzidentzia tasa 213,70ekoa dute herrian. Aian, Getarian eta Zestoan, berriz, kasu bana izan dituzte. Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Orion, berriz, ez dute positiborik zenbatu azken egun honetan.
Kasuak behera Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herri mailan ere beheranzko joera hartu du izurriteak. 570 positibo izan ziren atzo lau lurraldetan.
10.234 proba egin zituen atzo Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 505ek eman zuten positibo; %4,9ko positibotasun tasa izan zen atzo hiru lurralde hauetan. Araban 67 kasu izan ziren, 284 Bizkaian eta 149 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko bost lagunek ere positibo eman zuten atzo.
Erietxeetako datuei dagokionez, atzo beste 54 lagun ingresatu zituzten Osakidetzako ospitaleetan. Gaur-gaurkoz, 391 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 156 ZIUetan. Bezperan baino hiru lagun gehiago dira.
Nafarroan, berriz, ehun kasutik behera izan dituzte beste behin ere. 65 positibo detektatu zituzten atzo egindako 1.793 probatan. Ondorioz, positibotasun tasa %3,6ra jaitsi da lurralde honetan.