Urola Kostan erdira baino gehiagora jaitsi da atzemandako kasu positiboen kopurua

Dorleta Agiriano Lai 2021eko otsailaren 4a

Atzoko probetan hamasei kasu positibo baieztatu zituzten eskualdean, herenegun baino 24 gutxiago. Orion izan ziren kasu gehien, zazpi, eta eremu gorrian jarraitzen du kostaldeko herriak, Azpeitiarekin batera. Eremu laranjan daude Azkoitia, Zarautz eta Zumaia, atzo bina positibo soilik detektatu zituzten arren.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta eskualdeak, gaurkoz, arnas pixka bat hartu duela dirudi. Herenegungo 40 kasu baieztatuen ostean, atzo hamasei lagunek eman zuten positibo Urola Kostan. Une honetan bi herri daude eremu gorrian, Azpeitia eta Orio, eta hiru eremu laranjan; hain zuzen, Azkoitia, Zarautz eta Zumaia.

Emaitza berrietan goranzko joera islatu duen eskualdeko herri bakarra izan da Orio, han detektatu baitzituzten kasu positibo gehien atzokoan: zazpi. Aurreko lau egunetan soilik sei kasu zenbatu ostean, beraz, gora egin du positiboen kopuruak, bai eta intzidentzia tasak ere: 1.223,09koa zen atzo, eta 1255,71koa da orain. Atzoko datuekin, eremu gorritik irteteko aukeratik urrundu da kostaldeko herria.

Azpeitian ere piztuta jarraitzen du semaforoko argi gorriak, gaur gaurkoz, 1169,51koa baita hamalau egunetako kasu metatuen tasa. Dena den, behera egin du tasak –1.268,07ko zen atzo– nahiz atzemandako positiboen kopuruak –hiru kasu izan ziren atzokoan, eta hamabi herenegun–.

Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian parekoak izan ziren atzoko datuak, bina kasu positibo baieztatu baitzituzten hiru herrietan. Guztiak daude eremu laranjan, baina guztietan egin du behera intzidentzia tasak. Zumaia da eremu gorritik hurbilen dagoena 468,10eko tasarekin; 408,91koa da Azkoitian, eta 321,24koa Zarautzen.

Zestoan kasu bakarra izan zen atzo, baina eskualdeko gainontzeko herrietan –Aia, Beizama, Errezil, Aizarnazabal eta Getaria– ez zen emaitza positiborik izan. Azpimarratzekoa da, hala ere, Aiako ostalaritza-lokalek itxita jarraitu beharko dutela, Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideek hala aginduta.

1.236 kasu Hego Euskal Herrian

Eskualdean atzoko emaitzak pozgarriak izan badira ere, Hego Euskal Herrian gora egin du detektatutako positiboen kopuruak: atzo 1.236 kasu izan ziren –144 Araban, 544 Bizkaian, 320 Gipuzkoan eta 228 Nafarroan–, herenegun baino 179 gehiago. Koronabirusa hautemateko proba gutxiago egin ziren atzo, gainera: 18.907 proba, herenegun 19.986 proba egin ostean.

Atzo 84 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 156 lagun daude ZIUn, atzo bezainbeste.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide