Beste hamabost kasurekin, Orioko intzidentzia tasa milako langara hurreratu da

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 27a, 13:28

Beste 34 positibo eman ziren atzo eskualdean, Osakidetzak eman berri dituen datuen arabera. Orion detektatu dituzte kasuen ia erdia, ia hamabost. Zestoan ere gora egin du tasak, atzo beste sei kasu zenbatu ondoren. Azpeitian, berriz, bi kasu besterik ez zituzten izan atzo.

Pandemiak protagonizatutako amesgaizto honetan ezusteko handiena Orion izan dute gaur: hamabost positibo zenbatu zituzten atzo kostaldeko herrian, eskualdean zenbatutako 34 kasuetatik ia erdia. Positiboen hazkunde honen ondorioz, Orioko intzidentzia tasa milako langara hurreratu da: 929,55 tasa zuen atzo kostaldeko herrian.

Zestoan ere kezkarekin bizi dute egoera. Atzo beste sei positibo detektatu zituzten herrian, eta kasu metatuen tasak milako langa gaindituta jarraitzen du: 1.155,62 tasara igo zen atzo. 28 kasu izan dituzte Zestoan azken zazpi egunetan.

Kezka herri batzuetan, une bateko lasaitua beste batean. Azken egunetako positiboen olatuaren ondoren, atzo bi kasu besterik ez zituzten detektatu Azpeitian. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak milatik gora jarraitzen du –1084,10– hala ere. Kilometro gutxira, Azkoitian, hiru kasu izan zituzten atzo. Eremu laranjan jarraitzen du herri honek, 375,53ko tasarekin. 

Zumaian beherantz jarraitzen du intzidentzia tasak. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,21era jaitsi da. Milako langatik hurbil izan zen Zumaia orain astebete inguru, eta ordutik beherantz doa tasa. Zarautzen hiru kasu izan zituzten atzo, eta bakarra Aian. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten positiborik zenbatu atzo.

Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere ez doaz gauzak ondo. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste 1.104 positibo detektatu zituen egindako 15.837 probatan. Positibotasun tasa zertxobait jaitsi da; %7koa zen atzo.

Lurraldeei dagokionez, Araban 179 kasu izan zituzten, 609 Bizkaian eta 297 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko 19 lagunek ere positibo eman zuten. 89 lagun ospitaleratu zituzten atzo, baina hori baino kezkagarriagoa da ZIUen egoera: 134 lagun zeuden atzo Osakidetzako erietxeetako zaintza intentsiboko unitateetan, bezperan baino bederatzi gehiago.

Nafarroan 3.514 proba egin zituzten atzo, eta hauetatik 179k eman zuten positibo. Positibotasun tasa %5,1era jaitsi da lurralde honetan. Nafarroako gobernuak ez du ospitaleratuen daturik eman.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide