Izurritearen hirugarren olatuak indartsu jarraitzen du. Atzo beste 34 kasu zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Urola Kostan. Horietatik hamahiru Azpeitian izan ziren.
Asteartean sartu zen Azpeitia eremu gorrian, egun bakarrean 21 kasu baieztatu ondoren. Zazpi eguneko epean 81 kasu izan dituzte Urola erdiko herrian, eta ondorioz gorantz egin du 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak. Atzokoari dagokionez, intzidentzia tasa 716,16an zegoen; bezperan bainoo 66 puntu handiagoa. Gaurtik itxita dago herria, eta justifikatutako arrazoiengatik ez bada, ezingo da Azpeitian sartu edo herritik atera.
Eskualdeko intzidentzia tasa handiena, ordea, Oriok du. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 750,16ra igo da; bezperan baino 33 puntu handiagoa da kopurua Orion. Zumaian, berriz, apurka bada ere, beherantz egin du intzidentzia tasak. 742,85ko tasa zuen atzo herriak, bezperan baino 31 puntu txikiagoa. Atzo beste hiru kasu zenbatu zituzten herrian.
Gaurtik itxita dagoen beste herri bat Zestoa da, 500eko langa igaro ondoren. Atzo beste bi positibo izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,65ekoa du une honetan, asteazkenekoa baino 50 puntu handiagoa. Gainera, Aizarnako eskola itxi dute. Azkoitian eta Zarautzen seina kasu zenbatu zituzten atzo, eta eremu horian jarraitzen du kostako herriak. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo positiborik izan.
Ia 1.500 kasu Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herriko datuak ere kezkatzeko modukoak dira. 1.445 positibo atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbidek.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.154 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.139 positiboak izan ziren. Positibotasun tasa %8,7koa izan zen hiru lurralde hauetan. Araban 174 kasu izan zituzten, 639 Bizkaian eta 319 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpokoak diren zazpi lagunek ere positibo eman zuten.
Ospitaleratutako pertsonen kopuruak ere gorantz egin zuen atzo; beste 109 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan; ZIUn, berriz, 77 lagun zeuden atzo, bezperan baino zazpi gutxiago.
Nafarroan positiboen hazkunde handia izan zuten atzo: 305 positibo detektatu zituzten egindako 3.469 probatan. Positibotasun tasa %8,8koa izan zen atzo lurralde honetan.