2.500 bat lagun atera dira kalera eskualdean, presoen eskubideen alde

Urola Kostako Hitza 2021eko urtarrilaren 9a

'Bidea gara' lelopean, mobilizazioak egin dituzte Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. Besteak beste, espetxe politika behin betiko amaitzeko eskatu haietan parte hartu duten herritarrek.

Hotzak eta elurrak ez ditu atzeratu Urola Kostako herritarrak, eta berokiak eta aterkiak soinean, ehunka izan dira Sareren deiari erantzunez eta presoen eskubideen defentsan gaur eguerdian eta arratsaldean kalera atera direnak; 2.500 bat lagun, hain zuzen ere. Osasun krisia dela eta, ohiko Bilboko manifestazio erraldoirik ez da izan aurtengoan, baina Euskal Herriko 238 herritan egin dituzte era bateko edo besteko mobilizazioak. Baita eskualdean ere. Zumaian, Itzurun hondartzan, euskal presoak etxera ekartzeko aldarria daramaten ehunka banderola atera dituzte eguerdian; Errezilen eta Azkoitian elkarretaratzeak egin dituzte arratsaldean; Azpeitian, Getarian, Orion eta Zestoan manifestazioak; eta Zarautzen mosaiko erraldoia osatu dute.

Espetxe politika "behin betiko amaitzeko" eskatu dute mobilizazio horietan guztietan. "Ezinezkoa da aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe. Ezin da aurrera egin senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak zigortzen dituen urruntze politika aldatu gabe, larriki gaixo diren presoak espetxean egoera biziki larrian mantenduz edota presoei ezarritako etxeratze-prozesua ahalbidetzen dien gradu-progresioa ukatuz", adierazi dute Sareko kideek mobilizazioen amaieran.

Sareko kideek garrantzitsutzat jo dituzte Frantzian eta Espainian azken hilabeteetan egin dituzten aldaketak; besteak beste, Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasuna eta Espainiako Estatuan dauden presoen lekualdatzeak zein gerturatzeak. "Nahikoa ez izan arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu honek, eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori finko bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badakigulako zer ibili, baina badugulako ibiltzeko bidea ere", azaldu dute.

Amaitzeko, sei eskari zehatz egin dituzte:

  • Euskal presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.
  • Euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.
  • Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.
  • Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
  • Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
  • Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide