Aurten ezin izan du Sarek preso eta iheslarien eskubideen alde Bilbon eta Baionan urtero izaten diren mobilizazio jendetsurik antolatu, osasun krisia dela eta. Hala eta guztiz, hilaren 9an, etzi, herriz herri antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Nahiz eta koronabirusaren krisialdiak mobilizazioak antolatzea zaildu, inoiz baino beharrezkoagoa da mobilizatzea, Sareren ustez: "Pandemiak bisitak izateko eragozpenak handitu ditu, eta egoera hori okerragoa da euskal presoei ezartzen zaien urruntze politikaren ondorioz", azaldu dute. Nolanahi ere, "aukera berri bat" ekar lezake egoerak: "Frantziar zein espainiar estatuek hainbat mugimendu egin dituzte, urrunketaren distantziak laburtzen hasiz. Ez dute inolaz ere urrunketa politikaren amaiera ekarri, baina aukera berri bat ireki dute, eta guk aukera hori probestu nahi dugu".
Etzi ekimen ugari izango da herriz herri, baina Gabonetan ere izan dira ekitaldiak. Azpeitian, esaterako, agerraldi bat egin zuten hainbat herritarrek manifarako dei eginez; ordutik hainbat atxikimendu jaso ditu eta herritar ugari ari dira argazkiak ateratzen. Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu preso azpeitiarren egoeraren inguruko hitzaldia eman zuten haien abokatu Miren Ilarreta eta Onintza Ostolazak. Gainera, Azpeitiko Udal Gobernua bi presoen senideekin elkartu zen herenegun. Udal Gobernuak bat egin du Sareren zapatuko deialdiarekin. Herriko plazatik abiatuko da, 17:30ean.
Azkoitian ere plazan egingo dute elkarretaratzea, ordu berean. Haurrek patineteak eraman ditzaten eskatu dute antolatzaileek, herrian bi haur motxiladun dituztelako.
Zestoan beren aldarria zabaltzeko auto karabana egin zuten joan den abenduaren 27an, eta Izarraitzera ibilaldia urteko lehen egunean. Larunbaterako 17:00etan jarri dute hitzordua plazan, eta manifestazioa egin ondoren, ekitaldia izango da.
Zarautzen ere Pagoetara eraman zuten joan den hilean preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko aldarria, eta auto karabana, elkarretaratze argitsua zein bizikleta martxa egin dituzte. Gainera, abenduaren 23tik 30era bitartean Bidea gara astea izan zen: erronkak, erakusketak eta mobilizazioak, herrian aldarria zabaltzeko helburuarekin. Etzi malekoiko Dama eskulturaren paretik abiatuko da mobilizazioa, 17:30ean.
Orion plazatik batuko dira, 17:30ean. Manifestazioa eta mosaiko jendetsua egitea da asmoa. Urola Kostako Sarek azaldu duenez, aiarrek Orioko mobilizazioan parte hartuko dute.
Getarian preso eta iheslarien alde atera zuten Olentzero abenduaren 24an. Etzi 17:00etan manifestazioa egingo dute, eta orduerdi beranduago, ekitaldia.
Zumaian, Itzurun hondartzan elkartuko dira, 13:00etan, talde argazki jendetsua egiteko. Hilabetez jarduera ugari antolatu da ZumaianBidea gara lelo hartuta, besteak beste, manifestazioa abenduaren 31n eta ikasleen argazki jendetsua.