Urtero-urtero zeharkatu ohi ditu Euskal Herriko hamaika txokotako kaleak Olentzerok, zenbaitetan Mari Domingik lagunduta, beste batzuetan bestelako laguntzaileekin. Herritarrak agurtzen ditu urteko gaurik lanpetuenari aurre egin aurretik.
Aurtengoan, beti bezala, ahal beste opari banatuko baditu ere, Eguberri bezperan egin ohi dituen ekitaldiak oso bestelakoak izango dira. Herri askotara ez du joaterik izango, COVID-19a gehiago hedatzea saihesteko neurriak ezin direlako behar bezala bermatu; beste batzuetan, pantailen bidez agurtuko ditu herritarrak eta, beste batzuetara joango da, baina jende pilaketa handirik gabeko ekitaldietan hartuko du parte.
Hainbat alternatiba
Haurrek beren eskaerak txukun idatzita edukiko dituzte honezkero, eta aurten ezingo dizkiotenez Olentzerori zuzenean eman eskutitzak, eskualdeko herri askotan postontziak jarri dituzte horretarako. Zehazki, Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian daude postontziak, eta beraien gutunazala oraindik igorri ez dutenek, gaur eta bihar izango dute azken aukera.
Olentzero eta Mari Domingi ez ezik, kale-jirak, kantu hotsak eta bestelako ekitaldiak ere izan ohi dira abenduaren 24an. Aurtengoan, ordea, inoiz baino isilago egongo dira kaleak Eguberri bezperan.
Eguberriak herriz herri
- Azkoitia. Ordu zehatzik gabe, herriko kaleetan ibiliko da Olentzero bihar, han-hemenka; sorpresaz agurtuko ditu umeak. Postontziak jarri dituzte Aizkibel liburutegiaren aurrean, Elkargunearen aurrean eta udaletxearen aurrean.
- Azpeitia. Ez da ekitaldirik egingo. Postontziak jarrita daude igerileku aurrean, anbulatorio aurrean eta udaletxe azpian.
- Beizama. Gaur, 18:00etan, Olentzero, Mari Domingi eta Basajaunen bideoa emango dute Natur Eskolan. Umeak bakarrik joango dira; 5 urtetik beherakoei guraso batek lagundu ahalko die.
- Errezil. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera bihar, 18:00etan, parrokian. Edukiera mugatua izango da eta amaituta dago izena emateko epea.
- Getaria. Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldia, galtxagorriekin. 16:30ean Elkanoren monumentuan. Talde txikietan banatuko dituzte haurrak, eta mailaka ikusiko dute ekitaldia.
- Orio. Ez da ekitaldirik egingo. Postontziak daude Kaiuan, Rosana argazki dendan, Bordatxo tabernan, Gozategi fruta dendan, Iparrgirren Coviran dendan eta Goxoki kafetegian.
- Zarautz. Ez da ekitaldirik egingo. Postontzia dago Santuiturri plazan.
- Zestoa. Herritarrek bideo bidez ikusi ahalko dute Olentzero eta Mari Domingiren harrera ekitaldia.
- Zumaia. Bihar eguerdian Olentzerok eta Mari Domingik haurrak agurtuko dituzte bideo bidez. Baleike.eus atarian zintzilikatuko dute bideoa. Postontzia jarri dute Kofradiako plazan.