Bateragune auzia errepikatzeko erabakia hartu berri du Espainiako Auzitegi Gorenak. Bigarren aretoko hamasei epaileek aho batez onartu dute Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Sonia Jacinto berriz epaitzea. Horretarako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua hartu dute oinarri, argudiatuta Bateragune auzia bezalakoak salbuetsita daudela epaiketa berriz egiteko debekutik. Gainera, Miguel Colmenero txostengileak eta Navia Osorio fiskalak erabaki horrekin bat egin dute honako irizpide honi helduta: adierazi dute zenbait auzi epaitu gabe geratzea saihestu behar dela.
Duela hamar urte baino gehiago atxilotu zituzten bost auzipetuak, eta osorik bete zituzten Gorenak berretsitako espetxe zigorrak; denera, 31 urte. Orain, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak berriz epaitzeko erabakia argitara atera ostean, herritarrak mobilizatzera deitu zituzten Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan. Gaur izan dira protestak, eta Urola Kostan ere, Demokrazia lelopean, hainbat elkarretaratze egin dituzte eguerdian; hain zuzen, Aizarnazabalen, Azkoitian, Getarian, Errezilen, Orion, Zarautzen, Zestoan nahiz Zumaian. Azpeitian, berriz, arratsaldean egin dute protesta bilkura.
Deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Nafarroako Izquierda Unidak, Gure Eskuk, Emakumeon Mundu Martxak, Bilgune Feministak, Sarek, Etxeratek nahiz CCOO-Euskadik.