Aurten ezin izango du Sare plataformak urtarrilero Bilbon presoak etxeratzeko aldarrikatuz egin ohi den manifestazio erraldoia antolatu. Hala ere, egin egingo dute protesta, herriz herri. Urtarrilaren 9an, larunbatean, aldi berean abiatuko dira manifestazioak, baita Urola Kostako herrietan ere. Urtarrileko mobilizazioez gain, hamaika ekitaldi antolatu dituzte herriz herri Gabonen testuinguruan presoen eskubideak oinarri hartuta.
Zarautzen, esaterako, urtarrilaren 9ko manifestazioarekin bat egiteko izena emateko zerrendak jarriko dituzte herriko auzoetako denda eta tabernetan nahiz online, "mobilizazio handi hori denboraz eta egoki antolatu ahal izateko". Erronka ere jarri dute, urtero zarauztarrek Bilborako hainbat autobus betetzen dituztela kontuan hartuta: "Baietz 500 lagun batu!".
Sare plataforma kezkatuta agertu da presoen egoeragatik, pandemiak bisitak izateko eragozpenak handitu egin dizkielako. "Egoera hori okerragoa da euskal presoei ezartzen zaien urruntze politikaren ondorioz".
Azpeitiko Sarek bertako mobilizazioak iragartzeko egindako ekitaldian nabarmendu zuen azken hilabeteetan preso batzuen egoera aldatu egin dela, espetxe gehienetan isolatzeak kendu dituztelako, gaixotasun larriak dituzten zenbait presori tratamendua modu duinagoan jasotzeko aukera eman dietelako eta hurbiltze batzuk izan direlako. Baina oraindik zer hobetu badagoela adierazi zuen herri plataformak, "oraindik ere badelako presorik isolamenduan, gaixotasun larriak dituzten eta aspaldi etxean egon behar zuten presoak badirelako espetxeetan", besteak beste.
Deialdiak
Etzi, abenduak 20
- Zarautz. Pagoetara igoera. 12:00etan argazkia tontorrean eta hamaiketakoa (etxetik eramanda).
Abenduak 24
- Azpeitia. Ekitaldia plazan, 19:00etan.
- Getaria. 16:30ean, Olentzero plazatik.
- Zarautz. Bizikleta martxa 16:30ean, Olentzero eta Maridomingirekin. 18:00etan, elkarretaratze argitsua, Musika Plazan.
Abenduak 23-30
- Zarautz. Bidea Gara astea. Erronkak, erakusketak eta mobilizazioak egingo dituzte. Aurrerago emango dute egitarau zehatzaren berri.
Abenduak 30
- Azpeitia. Miren Ilarreta eta Onintza Ostolaza abokatuek Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu preso azpeitiarren egoeraz hitz egingo dute Sanagustinen, 18:30ean.
Abenduak 31
- Azkoitia. Manifestazioa plazatik abiatuta, 18:00etan.
Urtarrilak 3
- Zarautz. Kotxe karabana 12:30ean, Astitik.
Urtarrilak 9
- Azpeitia. 17:30ean, manifestazioa, plazatik abiatuta.
- Getaria. 17:00etan. manifestazioa eta 17:30ean, ekitaldia.
- Orio. Egun osoko egitaraua zehazteke.
- Zarautz. Manifestazioa, malekoiko Dama eskulturaren paretik abiatuta, 17:30ean.
- Zumaia. Mobilizazio "erraldoia", 13:00etan, Itzurun hondartzan.