Bederatzi positibo zenbatu zituzten atzo eskualdean, aspaldiko kopuru txikiena

Juan Luis Romatet 2020ko abenduaren 8a

Bederatzi kasu besterik ez zituen zenbatu Osakidetzak atzo eskualdean. Horietatik gehienak Zarautzen atzeman zituen. Urola Kostako zazpi herritan ez zituzten kasurik izan atzo.

Pandemiaren bigarren olatua ari al da amaitzen? Oraindik birusa gure artean badago ere, datuek itxaropentsu egoteko arrazoiak ematen dituzte. Hala, atzo bederatzi kasu detektatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdean, eta herri guztietan itzalita dago semaforo gorria.

Zarautzen izan zituzten atzo kasu gehien, sei, eta Azkoitian, Azpeitian eta Orion kasu bana izan zituzten atzo. Eskualdeko beste zazpi herrietan ez zuten positiborik izan. 

100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuei dagokionez, eskualdeko herri guztietan itzali dute semaforo gorria, eta Azkoitiaren kasuan horira pasa de egun bakarrean. 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, Azpeitia eta Zarautz laranja kolorez jarraitzen dute, eta, Azkoitiarekin batera, Orio eta Zumaia horiz.

Hego Euskal Herriko datuei so eginez, positibo kopuruak behera egin du. Egia da, baita ere, proba gutxiago egin zituztela atzo. Hala ere, 430 positibo zenbatu zituzten lau lurraldetan: 81 Araban, 140 Bizkaian, 145 Gipuzkoan eta 61 Nafarroan. 

Ospitaleratutakoei dagokionez, 542 pertsona daude ingresatuta, eta 155 Zaintza Intentsiboko Unitateetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide