Bideoa: Azaroaren 25eko mobilizazioak Urola Kostan

Maialen Etxaniz 2020ko azaroaren 26a

Eskualdeko herri gehienetan atera ziren atzo iluntzean kalera herritarrak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira. Elkarretaratzeak eta manifestazioak izan ziren nagusi, baina egon zen dantza, bertso eta bizikleta martxarik ere protesta ekitaldi batzuetan.

Urola Kostako herri gehienetan atera ziren kalera atzo herritarrak, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko protestetan parte hartzera. Elkarretaratzeak eta manifestazioak izan ziren nagusi, batzuk isilak eta beste batzuk zaratatsuak, baina aldarrikapenak egiteko bertsoak, dantzak eta bizikleta martxaren bat ere ikusi ziren Azpeitia eta Zarautz aldean.

Atzo izan arren egun nagusia, hainbat herritan ekitaldi eta saioak egingo dituzte datozen egunetan ere. Azkoitian, gaur, osteguna, Malen Etxea Zaintzaren Esklabo dokumentala emango dute; Zumaian ere gaur bertan bi hitzordu daude, bat Genero problematika hezkuntzan hitzaldia, eta bestea, Euskal demokrazia patriarkala liburuaren aurkezpena Jule Goikoetxearekin; Zarautzen bihar Samara Velteren hitzaldia izango da komunikabideetan egiten den indarkeriaren trataeraz; eta Getarian abenduan jarraituko dute hitzaldi eta dokumental emanaldiekin. Egitarau osoa hemen dago ikusgai.

Azkoitiko, Azpeitiko, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako protestak jaso dira ondoko bideoan.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide