Langabezia tasak behera egin du Urola Kostan, eta %7,9an kokatu da

Andoni Elduaien 2020ko azaroaren 17a

Irailean baino 664 langabe gutxiago zeuden urrian Urola Kostan, eta ondorioz, %9,6tik %7,9ra egin du behera langabeziak eskualdean. Aizarnazabalen dute langabezia tasarik handiena, eta Errezilen baxuena.

Urrian, beherazko joera hartu du langabeziak Urola Kostan. Lanbidek emandako datuen arabera, joan den hilean langabezia %7,9an kokatu da eskualdean –irailean %9,6koa zen tasa–. Eskualdeko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%10,5) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%12,9) azpitik dago. Urola Kostako herri guztietan egin du behera langabeziak, Getarian izan ezik, han puntu erdia egin baitu gora. Urrian, guztira, 2.972 lagun ziren lanik gabe eskualdean, irailean baino 664 pertsona gutxiago hain zuzen ere. Eskualdean lanik gabe zeuden pertsona horiek guztietatik 1.511 gizonezkoak ziren eta 1.889 emakumeak. Lanik gabe zeuden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa zen eskualdeko ia herri guztietan; Aian, Beizaman eta Zestoa, aldea oso txikia bada ere, gizonezko gehiago dago langabezian. Lanbidek emandako datuen arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena Urola Kostan (%13,4), eta haren ostean dira Azkoitia (%9,6), Orio (%9,5) eta Azpeitia (%9,3). Tasarik baxuena, berriz, Errezilek du.

Herriz herri aztertuta, Zarautzen daude langabe kopuru gehien. 1.013 herritar zeuden urrian lanik gabe, horietatik 448 gizonezkoak eta 565 emakumezkoek. Azpeitian, 671 langabe zenbatu zituzten joan den hilean; 286 ziren gizonezkoak eta 385 emakumezkoak. Azkoitian, bestalde, 560 pertsona zeuden langabezian urrian, horietatik 270 ziren gizonezkoak, eta hogei gehiago, 290, emakumezkoak. Zumaian, berriz, 428 pertsona zeuden langabezian, horietatik 177 gizonak ziren eta 251 emakumeak. Orion ere 298 langabe zituzten; 122 gizonezkoak ziren eta 176 emakumeak.

200 lagun langabetik behera dituzte, berriz, eskualdeko beste herri guztietan. Zestoan 169 herritar zeuden lanik gabe joan den hilean –88 gizonezkoak eta 81 emakumezkoak–, eta 114 Getarian –51 gizonezkoak eta 63 emakumezkoak–. Aian, aldiz, 75 lagun zeuden langabezian, 39 ziren gizonak eta 36 emakumeak. Aizarnazabalen, ostera, 49 pertsona zenbatu zituzten egoera berean, hogei gizon eta 29 emakume. Errezilen hemezortzi lagun zeuden langabezian, zazpi gizon eta 11 emakume; Beizaman, bost pertsona zeuden lanik gabe, hiru gizon eta bi emakume.

Datuak herriz herri

  • Aia %7,2 (%7,4 irailean)
  • Aizarnazabal %13,4 (%15,1 irailean)
  • Azkoitia %9,6 (%10,2 irailean)
  • Azpeitia %9,3 (%10,2 irailean)
  • Beizama %8,5 (%10,2 irailean)
  • Errezil %5,7 (%6 irailean)
  • Getaria %7,6 (%7,1 irailean )
  • Orio %9,5 (%9,9 irailean)
  • Zarautz %8,8 (%9,4 irailean)
  • Zestoa %9 (%9,5 irailean)
  • Zumaia %8,8 (%9,6 irailean)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide