45 positibo berri zenbatu dituzte Urola Kostan

Ihintza Elustondo 2020ko azaroaren 13a

Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien: hamabi. Eskualdeko herri guztiek dute 500dik gorako intzidentzia tasa, Beizamak izan ezik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zenbatutako positiboen ehunekoak pixka bat behera egin du; %8,6tik %8,3ra jaitsi da.

Osakidetzak kaleratu ditu dagoeneko atzoko PCR proben eta test antigenoen emaitzak, eta positiboen kopuruak altua izaten jarraitzen du Urola Kostan; izan ere, 45 kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo eskualdean. Herenegun 47 positibo zenbatu zituzten; eta, beraz, antzeko kopurua izan zen atzokoa. Kasu gehien Azpeitian atzeman zituzten atzo ere; hamabi, hain zuzen ere —herenegun hemezortzi zenbatu zituzten—. Gaur-gaurkoz, 1248,75ko intzidentzia tasa du Azpeitiak.

Aian positiboen igoera nabaritu zuten herenegun, eta joera hori berretsi zen atzo; izan ere, lau positibo berri atzeman zituzten herri horretan; 850,85eko intzidentzia tasa du Aiak. Orion ere goranzkoa da joera: izan ere, zazpi positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino hiru gehiago.

Eskualdeko herri guztiek dute 500dik gorako intzidentzia tasa, Beizamak izan ezik. 5.000 biztanletik beherakoak diren herriak ez daude semaforo gorrian, baina gainontzeko guztiak bai. Eskualdeko herrietan honakoak izan zen atzo PCR probetan eta test antigenoetan positibo eman zutenen kopuruak: Azpeitian hamabi, Orion zazpi, Azkoitian eta Zestoan bosna, Aian eta Zarautzen launa, Getarian hiru, Errezilen eta Zumaian bina eta Aizarnazabalen bat.

Datuak, lurraldeka

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 17.061 PCR proba eta test antigeno egin zituen atzo —herenegun 16.338 izan ziren—, eta 1.052 izan ziren probetan positibo eman zuten herritarrak; hau da, positiboen ehunekoa herenegun baino txikiagoa izan zen atzo, %8,3koa, hain justu –%8,6koa izan zen herenegun–. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (653); ondoren, Gipuzkoan (619); eta azkenik, Araban (137). Gipuzkoak du intzidentzia tasarik altuena: 1113,36koa, hain zuzen ere.

Bestalde, ospitaleratutako erien datuak kezkagarria izaten jarraitzen du; 500 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan, eta atzo 60 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 134 pertsona daude hiru lurraldeetan.

Nafarroan, kutsatzeek pixka bat behera egin dute azken orduetan: atzo, 3.520 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 216 positibo atzeman ziren, bezperan baino hemezortzi gutxiago.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide