Pandemiak ez du etenik eskualdean: beste 83 kasu zenbatu ditu Osakidetzak Urola Kostan

Juan Luis Romatet 2020ko urriaren 22a

Semaforo gorriak martxan jarraitzen du eskualdean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 83 kasu zenbatu ziren Urola Kostan. Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian izan dira kasu gehien.

Argi gorriak are eta biziagoak dira eskualdean. Beste 83 kasu zenbatu zituen atzo Osakidetzak Urola Kostako herrietan egindako PCR probetan. Azpeitian detektatu zituen kasu gehien, 35. Azken hamabost egunetako datuak kontuan hartuta, 100.000 biztanleko 1.321,82ko intzidentzia tasa du Azpeitiak. Azkoitian ere kezkagarriak dira datuak, beste 21 positibo atzeman zituztelako. Intzidentzia tasa, berriz, 1.059, 30ekoa da herri horretan. Zumaian ere ez du etenik positiboen zenbaketak; izan ere, 17 kasu zenbatu zituen Osasun Sailak han, eta intzidentzia tasa milatik gorakoa da une honetan: 1.068,70, hain zuzen ere. Zumaiako Udalak jakinarazi du Osakidetza baheketa selektiboa egitea aztertzen ari dela datorren aste hasieran.

Eskualdeko beste bost herritan ere izan zituzten atzo positiboak: Errezilen lau, Zarautzen hiru, eta Zestoan, Orion eta Aian bana. Getarian, Beizaman eta Aizarnazabalen, berriz, ez dituzte kasurik zenbatu. Aipatzekoa da Errezilen positibo kopuruak izan duen gorakada; izan ere, azken zazpi egunetan 21 kasu detektatu dituzte herri horretan. Hori dela eta, 100.000 biztanleko azken hamabost egunetako intzidentzia tasa izugarria da: 4.299,36.

Ikusteko dago zer neurri hartuko dituzten birusaren hedapena saihesteko. Gaur, osteguna, 18:00etan egingo du bilera babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu aztertuko dute bilkuran, eta Azpeitia, Azkoitia eta Zumaia dira baldintza horiek betetzen dituzten eskualdeko herriak.

Milako langa pasatuta

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.470 PCR proba egin zituzten atzo egun osoan zehar, eta guztira, 1.033 positibo zenbatu dituzte hiru lurralde horietan. Hau da, herritarren %7,7k eman zuten positibo proban. Mila positiboko langa gainditu dute hiru lurralde horietan, bigarren olatuan lehen aldiz.

Hiru herrialdetako intzidentzia tasa 418,28an kokatzen da une honetan, baina lurraldeka nabarmenak dira aldeak. Atzo Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu genien beste behin (503 positibo), eta positibitate tasa 576,97ra igo da. Bizkaian, berriz, beste 423 positibo zenbatu zituzten atzo (338,54 da tasa), eta Araban 96 (311,62 da intzidentzia tasa). Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste 11 lagunek ere eman zuten positibo.

Atzo 53 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gora egin du ospitaleratuen kopuruak: atzo 339 lagun zauden hiru lurralde horietako erietxeetan, herenegun baino 11 pertsona gehiago. ZIUn, berriz, herenegun baino hiru lagun gehiago daude, 62.

Nafarroan, berriz, gauerditik indarrean dira hango gobernuak ezarritako neurri murriztaile berriak. Besteak beste, herrialde osoa konfinatu dute, eta ostalaritza ixteko agindua emana dago. Datuek, baina, okerrera egiten jarraitzen dute. Nafarroako Gobernuak emaniko behin-behineko datuen arabera, 586 positibo detektatu zituzten atzo, 3.651 test eginda. Horrenbestez, herritarren %16,1ek eman zuen atzo positibo Nafarroan.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide