40 kasu berri zenbatu dituzte Urola Kostan, horietatik hamasei Zumaian

Anartz Izagirre 2020ko urr. 21a, 13:06

Eskualdeko ia herri guztietan zenbatu dituzte koronabirus kasu berriak, eta Zumaian izan da igoerarik handiena. Gipuzkoan kasuen gorantz jarraitzen dute, eta 533,61eko intzidentzia tasa du uneotan.

Egoerak txarra izaten jarraitzen du eskualdean, eta ia herri guztietan atzeman zituzten atzo, asteartea, positibo berriak; izan ere, 11 herrietatik zortzitan eman dute herritarrek positibo PCR probetan. Igoerarik handiena Zumaian izan da, hamasei kasu zenbatu baitzituzten han atzo –herenegun bost izan ziren–, eta 916,03ko intzidentzia tasa du uneotan.

Azpeitian eta Azkoitian beherantz egin dute positiboek; sei eta bi kasu atzeman dituzte herri horietan, hurrenez hurren, baina oraindik ere milatik gorako intzidentzia tasa izaten jarraitzen dute bi herriek. Hain zuzen ere, bi herri horiek eta Zumaia dira semaforo gorrian dauden eskualdeko herriak. Gainontzeko herrietan honako positibo kopuruak atzeman zituzten atzo: Zarautzen sei, Errezilen lau, Getarian hiru, Zestoan bi eta Orion bat. Aian, Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, ez zuten kasurik atzeman.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 819 pertsonak –Gipuzkoan, 377k– eman zuten atzo positibo PCR probetan, herenegun baino 194 herritar gehiagok.  Hiru lurralde horietako intzidentzia tasarik altuena Gipuzkoak du, 100.000 biztanleko 533,61eko tasarekin. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek bilera telematikoa egin zuten atzo lurraldeko alkateekin, eta Markel Olano ahaldun nagusiak harreman sozialak "ahalik eta gehien" mugatzeko esatu zien gipuzkoarrei. 

Bestalde, erietxeetako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du: 328 pertsona daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan; atzo 53 ospitaleratze berri izan ziren, herenegun baino zortzi gehiago. ZIUn, berriz, 59 pertsona daude oraindik.

Egoera kontuan hartuta, 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu aztertzeko bilera egingo du bihar babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordeak (LABI).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide