Haizeteak kalteak eragin ditu eskualdeko zenbait herritan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urriaren 21a

Momentuz, Zarautzen zenbatu dituzte kalte gehien. Hainbat zuhaitz erori dira herri horretan bidera, horietako zenbait aparkatutako autoen gainera. Kostaldean eragin handiagoa izan du haizeteak.

Haizete bortitzak astindu ditu eskualdeko hainbat herri bart. Aemetek emandako datuen arabera, Zumaian daukan estazio metereologikoan 103 kilometro orduko haize bolada neurtu dute goizaldean, 02:30 aldera. Azpeitiko esteazio metereologikoan, berriz, 67 kilometro orduko haize bolada neurtu dute ordu berean. Beraz, kostaldeko herrietan kalte nabarmen handiagoak eragin ditu haizeteak.

Zarautzen, herriguneko hainbat zuhaitz bota ditu haizeak. Ondorengoak izan dira kalteak, Udaltzaingoaren arabera: Untzain bidea itxita dago uneotan zuhaitz bat erori delako errepidera, beraz, auzo horretakoek Elkanoko bidetik dute aterabide bakarra une honetan. Urteta bidean ere zuhaitz bat erori da, baita Aranzadi kalean ere. Azken horretan, aparkatuta zeuden bi autoren gainera erori da zuhaitza. Araba kalean ere, Lizardi institutuaren parean, zuhaitza erori da bidera, eta Gipuzkoa kaleko Maria Etxetxiki parean beste bi auto harrapatu ditu bidera erori den zuhaitzak. Zinkunegi kalean bost zuhaitz erori dira, eta hoditeria kaltetu dute. Udaltzainen arabera, une honetan ur sistema erorita dago gune horretan bizi diren bizilagunentzat. Zuhaitzez gain, bizpahiru farola ere erori direla baieztatu du Udaltzaingoak, baina zehazki non izan diren ez dute argitu. Une honetan, udaltzainak, suhiltzaileak eta udal brigadako langileak kalteak ahalik eta azkarren konpontzeko lanetan ari dira. 

Aian argi-indarrik ez

Gaueko haize boladek kalteak sortu dituzte Aian, eta argi-indarrik gabe egon dira eguerdira arte. Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak jakinarazi duenez, argi-indar hornikuntza enpresako langileek matxura non dagoen atzeman dute goizean, eta beharrezko baliabide guztiak bideratu dituzte bertara. Hala, eguerdirako argi-indarra berrezartzea lortu dute. Bestetik, goizaldean errepidera zuhaitz ugari erori direla eta horrek hainbat bide itxi dituela ere azaldu du Aiako alkateak. "Goizeko lehen orduan abisuak pasa ditugu. Ahal bezain azkar bidea garbitu dute langileek eta dagoeneko martxan da zirkulazioa herriko bide nagusietan", adierazi du. Egunean zehar falta diren lanak amaituko dituzte.

Zumaian, hainbat zuhaitz adar puskatu ditu haizeak, hondakinen edukiontziak irauli, eta moilan dagoen kaseta irauli eta mugitu du. Orion, Benta Bidean zuhaitz bat erori da errepidera, eta, ondorioz, zirkulazioa erdi etenda dago. Udaltzaingoak Urola Kostako HITZAri azaldu dionez, autoak ozta-ozta pasa daitezke, baina ibilgailu handiagoentzat itxita dago bidea. Hainbat etxebizitzatako teilatuetako teilak ere askatu eta erori dira kalera, eta udaltzainak etxejabeekin harremanetan jartzen ari dira goiz partean. Zirkulazioko seinale asko ere erori dela kontatu dute udaltzainek.

Azpeitia inguruan ez dute kalte handirik eragin haize ufadek, baina, dena den, hainbat zuhaixka eta adar hautsi dituzte, eta herrigunean ez, baina inguruko errepideetan sortu dira arazoak. Besteak beste, hainbat zuhaitz erori dira Urrakiko mendatean, Azpeititik Errezilera bidean zein Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidean.

Trena etenda

Euskotren trenbide sareak jakinarazi duenez, trenbidera ere zuhaitzak erori dira Usurbil-Elgoibar arteko tartean, beraz, Bilboiraino heltzeko autobus zerbitzua dago martxan une honetan. Kontrako noranzkoan ere, Donostiarakoan, autobus zerbitzua jarri dute Orio eta Usurbil arteko tartean. Urola Kostako HITZAk jakin ahal izan duenez, goizean zehar trena martxa normalera itzultzea espero dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide