50 kasu berri atzeman dituzte Urola Kostan

Anartz Izagirre 2020ko urriaren 17a

Kasu gehien Azkoitian zenbatu dituzte; hamazazpi, hain zuzen ere. Horrez gain, Azpeitian hamabi kasu, Zumaian hamar, Zestoan sei, Zarautzen lau eta Getarian kasu bat hauteman dituzte. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.382 kasu zenbatu dituzte.

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan ari dira baheketa selektiboa egiten. (Nerea Uranga)

Urola Kostan gora egin dute koronabirus kasuek, eta eskualdeko 50 pertsonak positibo eman zuten atzoko PCR probetan. Azkoitian hauteman dituzte datu gehien, hamazazpi. Gainontzeko herrietan, berriz, hauexek izan dira datuak: Azpeitian hamabi, Zumaian hamar, Zestoan sei, Zarautzen lau eta Getarian bat. Gainontzeko herrietan, berriz, ez dute kasu berririk hauteman. Azpeitian asintomatikoak detekatzeko baheketa selektiboa egiten hasi ziren ostegunean, eta gaur, larunbata, amaituko dituzte proba horiek. Azkoitiaren atzetik, Azpeitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 1002,99 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa (1042,62 koa da Azkoitian). Hain zuzen ere, bi herri horiek dira Gipuzkoan 1.000ko tasa igarotzen duten herri bakarrak.

COVID-19 gaitzaren hedapenak ez du etenik Hego Euskal Herrian ere, eta atzoko datuek positiboen goranzko joera baieztatu dute. Izan ere, Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzten datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.382 kasu pisitibo hauteman zituzten atzo, herenegun baino 31 kasu gehiago. Igoerarik handiena Gipuzkoan izan da, 430 kasu berri izan baitira lurralde horretan —herenegun 370 zenbatu zituzten—; hala eta guztiz ere, Nafarroak ditu oraindik lau lurraldeetako daturik okerrenak, 541 kasu zenbatu baitituzte bertan. Bizkaian eta Araban, aldiz, kasu gutxiago izan dira, 321 eta 84, hurrenez hurren. Horrez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi pertsonak ere positibo eman dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.867 PCR proba egin zituzten atzo, eta 58 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 51 pertsona daude gaur gaurkoz hiru lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 3.358 PCR proba egin zituzten atzo, eta %16,1ekoa da lurralde historiko horretako positibitate tasa. 

Egoitzetako datuak

Bestalde, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak bere Twitter kontuan azaldu duenez, San Martin egoitzan ere PCR probak egin dizkiete egoiliarrei zein langileei. Alkortaren arabera ez dute kasu positiborik hauteman egoitzan, eta hango langileei esker ona adierazi die txioan: "Benetan eskertzekoa da egunero-egunero bertako langileek egiten duten lana eta esfortzua adinekoak zaintzen eta babesten". Azkoitiko San Jose egoitzan ere prebentzioko probak egin dituzte, eta Azkoitiko Udalak atzo jakinarazi duenez, egoiliar, erabiltzaile eta langile guztiek negatibo eman dute PCR probetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide