Eusko Jaurlaritzak koloretako semaforoaren sistema jarri du martxan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri bakoitzeko egoera sailkatzeko COVID-19aren eraginaren aurrean. Semaforoak kolore berde, hori, laranja edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken bi asteetan azaleratutako koronabirus kasu berrien arabera. Kolorea berdea izango da inzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik beherakoa denean; horia, 60-299 kasu artekoa denean; laranja 300-499 kasu artekoa denean; eta gorria, 500 kasukoa edo gehiagokoa denean.
Bada, aurreneko datuen arabera–atzokoak, ostirala-, Urola Kostako 5.000 biztanletik gorako udalerri guztiak daude semaforo horretan horiz, laranjaz edo gorriz margotuta: Azkoitia eta Azpeitia daude okerren, gorriaren eremuan; Zumaia laranjan; eta Orio eta Zarautz, berriz, horian.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zortzi udalerri jarri dituzte gorriz: Azkoitiaz eta Azpeitiaz gain, Astigarraga, Beasain, Elgoibar, Ordizia, Tolosa eta Zumarraga Gipuzkoan, eta Lekeitio eta Durango, berriz, Bizkaian.
Koronabirus kasuen hedapena areagotzen ari dela-eta, agerraldia egitekoa da gaur komunikabideen aurrean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
Hain zuzen, Azkoitian eta Azpeitian asintomatikoak atzemateko baheketa selektiboak egin dituzte azken egunetan. Azkoitikoa aurreko astean egin zuten, eta Azpeitikoa ostegun eguerdian hasi eta gaur 14:00etan amaituko da.