56 kasu positibo zenbatu dituzte eskualdean, ia erdiak Azpeitian

Ihintza Elustondo 2020ko urriaren 16a

27 positibo zenbatu dituzte Azpeitian. Atzo herri horretan egiten hasi ziren baheketa selektiboak izan dezake positiboen gorakadan eragina. Azkoitiaren atzetik, Azpeitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 943,21 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa. Gipuzkoan, 370 positibo atzeman dituzte.

Osakidetzak argitaratu berri ditu atzoko PCR proben emaitzak, eta Urola Kostan, guztira, 56 positibo atzeman dituzte: Azpeitian 27, Zumaian 11, Azkoitian zazpi, Zestoan lau, Errezilen hiru eta Zarautzen eta Aian bina. Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian eta Orion, berriz, ez dute kasurik zenbatu. Azkoitiaren atzetik, Azpeitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 930,04 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa (975,89koa da Azkoitian).

Argi dago, beraz, COVID-19aren hedapenak gora egiten jarraitzen duela Azpeitian. Asintomatikoak detektatzeko baheketa selektiboa egiten ari dira herrian, eta horrek izan dezake positiboen gorakadarekin zerikusia. Izan ere, Maialen Lizundia Osakidetzako komunikazio arduradunak azaldu duenez, baheketako emaitza positiboak eguerdiro Osasun Sailak argitaratzen duen txostenean azalduko dira, beste positiboekin nahasian.

Datuak, lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.263 PCR proba egin zituzten atzo, eta horietatik 828k eman zuten emaitza positiboa. Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu gehien –370–; Bizkaian 329 kasu positibo atzeman zituzten, eta 116 Araban. COVID-19 gaitzaren ondorioz, 40 pertsona ospitaleratu ziren atzo hiru lurralde horietan, eta, guztira, 50 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan igo egin da azken orduetan atzemandako positiboen kopurua; 523 kasu berri detektatu dituzte. Egindako 3.477 PCR kasuen %15ek eman dute positibo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide