Grebara deituta daude gaur adinekoen egoitzetako langileak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urriaren 6a

Jaurlaritzak grebarako gutxieneko zerbitzuen %100a ezarri izana salatu dute. Langile zein egoiliarrekiko "arduragabekeria" egozten diete agintariei eta enpresei

Adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak grebara deituzte gaur ELA eta LAB sindikatuek, Duintasuna pentsiodunen elkarteak, Irauli Zaintza elkarteak eta Gipuzkoako Senideakek. Egoitzetako langileak Donostian egingo den manifestaziora ere deitu dituzte gaur. 11:00etan hasiko da mobilizazioa, Gipuzkoa plazatik. Eskualdeko erresidentzietan ELA eta LAB sindikatuek dute ordezkaritza, eta ELAko ordezkari Janire Diazek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu gaurko grebarako.

«Pandemiaren aitzakian, greba eskubidea urratu zaie langileei», salatu du ELAko ordezkariak. «Sukaldeko eta garbitegiko langileek bakarrik egin dezakete greba, horientzat %50eko gutxieneko zerbitzuak jarri dituztelako», zehaztu du. Oztopoak oztopo, gaurko manifestazioa «indartsua» izango dela espero dute deitzaileek, eta publikoki salatuko dute «grebarako eskubidea urratu izana», baita aldundia eta enpresak egiten ari diren «erresidentzien kudeaketa» ere. «Gutxieneko zerbitzu hauek ikusita, argi dago Jaurlaritzak nahi duela beste alde batera begiratu».

Egoera okerrera

Langileen zein egoiliarren egoerarekiko «arduragabekeria» ere egozten diete Jaurlaritzari zein aldundiari. Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta erresidentzietako langileek 243 egun daramatzate greban, eta COVID-19ak egoitzak hankaz gora jarri aurretik egoera gogorra bazen ere, orain langileak «psikologikoki zein fisikoki are nekatuago» daudela azpimarratu du Diazek. Lan karga etengabe hazten doala ere salatu du: «Egunez egun areagotzen ari dira antsietateagatik hartu beharreko bajak, eta langile horiek ez dituzte ordezkatzen». Gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izango badira ere, eskualdeko zenbait egoitzetako langilek gaurko mobilizazioekin bat egiteko asmoa agertu dute. Besteak beste, Zumaiako Otezuri egoitzako langileek zein Zestoako San Juan egoitzakoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide