Asteburuko positibo kopurua mantendu egin da Urola Kostan

Julene Frantzesena 2020ko urriaren 5a

Aurreko asteburuan gauzatutako PCR probetan 48 positibo atzeman zituzten, eta asteburu honetan, 51 izan dira. Kasu gehien Azpeitian eta Azkoitian atzeman dituzte: 16 eta 13 positibo, hurrenez hurren. Errezilen ere bi kasu atzeman dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin duten herritarren %4,6k eman dute positibo.

Osasun Sailak asteburuan gauzatu dituen PCR proben emaitzek aurreko asteburuko joerari eusten diote. Izan ere, lehengo asteburuan 48 positibo zenbatu zituen Osakidetzak Urola Kostan, eta oraingoan, berriz, 51 izan dira ostirala eta igandea bitartean positibo eman duten eskualdeko herritarrak. Azken hiru egunetan Azpeitian eta Azkoitian zenbatu dituzte positibo gehien: 16 eta 13 positibo detektatu dituzte herri horietan, hurrenez hurren. Horiez gain, baina, Zarautzen hamar positibo, Zumaian eta Orion launa eta Errezilen nahiz Zestoan bina atzeman dituzte.

Zestoan izandako koronabirus agerraldiari lotutako kasuek nabarmen egin dute behera, eta hori nabarmen ikus daiteke 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuruaren tasari erreparatuz gero. Hain zuzen ere, zazpi egunetan zazpi kasu zenbatu dituzte herri horretan, eta tasa 156,54 da egun –aurreko astean 500en bueltan ibili zen tasa–. Bestalde, azken zazpi egunetako positibo kopurua tarteko, 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuenetakoa duten bi herri bilakatu dira Azpeitia eta Azkoitia: Azpeitian 38 positibo atzeman dituzte azken zazpi egunetan, eta 100.000 biztanleko positibo kopuruaren tasa 252,41 da; Azkoitian, berriz, 34 kasu detektatu dituzte azken zazpi egunetan, 283,59 da tasa.

Ospitaleratzeek gora egin dute

Osakidetzak 22.210 PCR proba gauzatu ditu azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta proba horietan 1.032 positibo atzeman ditu; hau da, proba egin duten herritarren %4,6k eman dute positibo –herritarren %4,9k eman zuen lehengo astean–. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian 486 kasu atzeman zituzten ostirala eta atzo artean; Gipuzkoan, 373 positibo; eta Araban, 153. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hogei lagunek ere eman dute positibo asteburuan.

Gainera, RO indizeak behera egin du ostiraletik igandera: ostiralean 0,99 zen, eta 0,92 igandean. Dena den, ostiralean baino ia 3.000 PCR gutxiago egin zituzten atzo. Atzoko datuen arabera, 245 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan koronabirusa tarteko, horietatik 59 daude ZIUn –joan zen astelehenean baino lau gehiago–. Asteburuan, guztira, 79 lagun ospitaleratu dituzte, aurreko asteburuan baino zortzi pertsona gehiago.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide