Aizkolariek hartutako erabakia "deitoratu" du federazioak

Olaia Juaristi 2020ko urriaren 2a

Federazioak dioenez, aizkolariek beren asmo ekonomikoengatik antolatuko dute txapelketa "ez-ofiziala". Erakunde horrek, bere aldetik, txapelketa antolatzen jarraituko duela azaldu du, eta nabarmendu du haren irabazlea izango dela Euskal Herriko 2020ko txapeldun ofizial bakarra.

Hogei aizkolarik federazioak antolatu ohi duen Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeari uko egingo diotela jakinarazteko agerraldia egin zuten joan den astean, federazioarekin hainbat desadostasun dituztelako. Hori dela eta, aizkolariek beren ekimenez sortutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dutela azaldu zuten.

Horren harira, Euskadiko Herri Kirol Federazioak "deitoratu" egin du aizkolarien jarrera, eta aizkolariek antolatu nahi duten ekitaldian hainbat baldintza bete beharko dituztela ohartarazi du: "Aizkolari jakin batzuek ekonomia elkartasunaren gainetik jartzen dutela errespetatuz, ekitaldi ez-ofizialak bakarrik egin ahal izango dituzte, eta profesionalak direnez, kirol ikuskizunen baldintza guztiak bete beharko dituzte, erantzukizun zibilean zein fiskalean, eta abar".

Federazioak federatu guztiei txapelketak eskaintzeko betebeharra duela adierazita, azpimarratu du aurten ere aizkolarien txapelketa antolatuko duela eta hori izango dela ofiziala: "Euskal Herriko 2020ko txapelduna izango da egiten den goi mailako txapelketako irabazlea. Hori izango da titulu ofizial bakarra eta erakundeen aurrean eduki ahal izango duena". Bestalde, gaineratu du aizkolari profesionalek ezin izango dutela ofizial hitza erabili, ezta Kirolaren Euskal Legeak euskal federazioei erreserbatzen dizkien Euskal Herriko izen eta ikurrak ere.

Federazioak oharra kaleratu du argituz aizkolarien kexak jaso zituztenean, bilera batera deitu zituztela. Irailaren 9an elkartu ziren, eta bertan azaldu zen zein egoera berezi eragin duen COVID-19ak jarduera kirol jardueran. Federazioak ulermena eskatu zien aizkolariei, egunero egokitu beharreko egoera ezezagun baten aurrean.

Aizkolarien desadostasunen atzean, "erreklamazio ekonomikoa" zegoela nabarmendu du federazioak. "Lehen Mailako aizkolariek etekinen %100 eurentzat izatea eskatu zuten, eta galerak gertatuz gero, antolatzailearentzat eta federazioarentzat izatea". Hori jakinda, federazioak aurtengoa amaitzea proposatu zuen eta datorren urterako lanean hastea. Lehen eta Bigarren Mailako aizkolari batzuek, ordea, aukera hori baztertu zuten, eta erabaki zuten euren txapelketa propioa egitea eta ekonomikoki kudeatzea. "Federazioak ez du irizpide profesional hori aintzat hartzen, gure diziplinekin eta gure historiarekin amaituko lukeelako. Denok batera egin behar dugu aurrera, gehien sortzen dutenek  hasiberriei lagunduta, belaunaldien arteko eta diziplinarteko elkartasunean". 

Federazioa gogorarazi du irabazi asmorik gabeko erakundea dela, eta herri kirolen modalitate eta diziplina guztiak sustatzea duela helburu. "Guk modu altruistan lan egiten du diziplina guztiak sustatzeko eta ez daitezen hil. Izan ere, herri kirola kirola baino gehiago da kultura, eta sustraiak mantendu ditu gaur arte. Gure betebeharra hurrengo belaunaldietara pasatzea da. Hori bakarrik guztiak batera egonda lortzen da".

2020a "itxaropentsu eta ilusioz beterik" hasi zutela gaineratu du federazioak, "azken urteetako goranzko joerari jarraitzeko alderdi guztietan". Pandemiaren agerpenak, ordea, "geldirik" utzi zituen, "horrek dakarren ziurgabetasunarekin". Hala ere, erakunde baten lankidetza eskaintzarekin, kostu txikiagoko lehiaketak antolatzeko gai izan ziren. "Hainbat bilera egin ondoren, Bigarren eta Lehen Mailan izena emateko epeak luzatzea adostu zen. Baina Lehen Mailan ez zen izen ematerik jaso, eta berriz bigarren izen emate bat egin genuen, urriaren 9ra arte".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide