Koronabirusa atzemateko PCR probetan aste honetako positibo kopururik handiena batu zuten atzo Urola Kostako herriek. Guztira, eskualdean 43 positibo berri zenbatu zituen Osakidetzak: hamalau Azkoitian, 11 Zarautzen, bosna Azpeitian, Orion eta Zestoan, bi Aian, eta bat Zumaian.
Azkoitian eta Zestoan, 100.000 biztanleko zazpi eguneko tasa 300dik gorakoa da, Osakidetzak emandako datuen arabera. Zestoan, asteburuan egitekoak ziren ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuen atzo udalak, birusaren hedapenaren egoera "kezkagarria" dela iritzita. Gaur, kezkatuta eta adi jarraitzen dute Zestoan. Atzo iragarritakoez gain neurri berririk ez dute ezarri momentuz, baina Mikel Arregi alkateak ez du baztertu datozen egunetan egoera aldatzea. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du Zestoako agerraldia transmisio komunitario gisara izendatu, baina alkatearen arabera, horrela izan denaren "zantzu guztiak" daude. Azken egunetan agertu diren positibo guztiak "herrigunean" agertu direla dio Mikel Arregi alkateak, "eta itxura guztien arabera, jatorri desberdinetatik" etorri dira kasu positiboak. PCR proban positibo eman dutenez gain, koarentenan dago hainbat herritar; tartean, udal korporazioko kideak eta musika bandakoak. Adinekoen egoitzetan eta apartamentu tutelatuetan neurriak hartu dituzte egoiliarrak babesteko; Eguneko Zentroa, aldiz, irekita mantendu dute.
Hego Euskal Herriko datuak
Atzo, 9.166 PCR proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bezperan baino ia bi mila gutxiago, eta 519 kasu positibo zenbatu zituzten guztira hiru lurraldeetan, 85 Araban, 232 Bizkaian eta 190 Gipuzkoan. Horiez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamabi lagunek ere positibo eman zuten PCR probetan.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo beste 36 lagun ospitaleratu zituzten gaitz horrek jot Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIUn), berriz, 53 gaixo zeuden atzo, herenegun baino bi gutxiago. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, berriz, 0,89koa da hiru lurraldeen datuak batuta.
Nafarroan, hiru pertsona hil dira COVID-19ak jota azken 24 orduetan, Osasunbideak gaur jakinarazi duenez; datuak zenbatzen hasi zirenetik, 553 hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan. 2.854 PCR proba egin dituzte eta 274 kasu positibo berri zenbatu dituzte; beraz, egindako probetatik %9,6k eman dute positibo. Azken orduetan 20 lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan koronabirusa dela-eta, baina ZIUn ez dute gaixo berririk sartu.