Azken seihilekoari errepasoa

Urola Kostako Hitza 2020ko irailaren 16a

Orain dela sei hilabete ezarri zuten COVID-19 gaitzak eragindako panoramari aurre egiteko alerta egoera. Denbora honetan ikasitakoaz eta atzean utzitakoaz hitz egin dute hainbat herritarrek.

Martxoaren 15a. Sei hilabete igaro dira Espainiako Gobernuak COVID-19 gaitzak eragindako errealitateari aurre egiteko alerta egoera ezarri zuenetik. Ordutik, asko izan dira arauak, murrizketak, ezinegonak, ohitura aldaketak eta abar. Bizitzeko eta lan egiteko moduak neurri batean edo bestean aldatu egin dira.

Azken sei hilabeteetan bizitakoaz, ikasitakoaz edota egindako hausnarketaz galdetu die Urola Kostako HITZAk arlo desberdinetan aritzen diren herritarrei.

Maite Garmendia. Pentsiodunen taldekoa (Azpeitia): "Zer egiten ari garen aztertu eta neurriak hartu beharrean gaude"
!Azken hilabeteotan bizitzen ari garena gogorra da denontzat, eta denok ikasi dugulakoan nago. Jende asko aritu da boluntario lanean, bakarrik eta bakartuak zeudenei laguntzen. Ez dakit behar duten eskertza eman zaien. Osasungintza publiko on bat zein beharrezkoa den argi geratu da; baldintza gogorretan egin dute lan osasungintzako langile guztiek, eta hori dena ezin da txalotze hutsean gelditu. Gabeziak ere agerian geratu dira, eta denon esku dago sistema indartzea.
Kaleak hutsik eta triste ikusi ditugu, bizirik gabe. Etxe barruan garbiketan eta sukaldaritzan trebatu gara apur bat. Etxeak zenbat lan ematen duen jabetu gara.

Zaharren egoitzen ereduak ez dio behar bezala erantzun egoerari, eta horrek min handia eragin du familia askotan. Zaintza ereduak orokorrean eman digun argazkiak beltzetik gehiago du argitik baino.

Bizi garen mundu txikiari gehiegi kentzen ari gatzaizkio, errespetu gutxi diogu denona den etxeari. Bizitzen ari garen hau ez da izango azkena. Zer egiten ari garen aztertu eta neurriak hartu beharrean gaude. Bien bitartean zaindu dezagun geure burua, zaindu dezagun elkar, inor ahaztu gabe".

Irati Osa. Piraguista (Zumaia): "Egunerokoan datorrena onartu eta aurrera egiten ahalegintzen naiz"
"Konfinatuta egon ginenean, ergometroarekin jardun nuen etxean entrenatzen. Gero, uretaratu ginenean, entrenatzen jarraitu nuen. Orduan, Europako Txapelketa nuen buruan; izan ere, aurten nire azken urtea da 23 urtez azpikoen mailan. Gero, baina, Espainiako Federazioak adierazi zigun Espainiako selekzioak erabaki zuela ez egitea txapelketarik. Ondorioz, bertan behera geratu ziren maratoi modalitateko lehia guztiak. Dena den, datorren denboraldiari begira, entrenatzen jarraitzen dut.

Fisikoki ez bezala, psikologikoki eragin dit egoerak. Etxean sartu ginen asteburuan Espainiako Txapelketa jokatzekoa nintzen; oso ondo prestatuta nengoen eta ilusio handia neukan. Hasieran, tristura handia sentitu nuen, baina egunek aurrera egin ahala, arazo larriagoak zeudela ikusi eta egoera onartu nuen. Geroztik, egunerokoan datorrena onartu eta aurrera egiten ahalegintzen naiz.

Lehiatzeko gogoz nago, baina datorren urtean zer gertatuko den ez dakigu. Hala ere, ondo entrenatzen saiatuko naiz Senior mailako nire lehen urtean sasoiko egoteko".

Ekaitz Etxezarreta. Historialaria (Azkoitia): "Nire hainbat arbasoren larruan jartzeko balio izan dit egoera honek"
"Nire esperientzia pertsonalari so egiten badiot, ikasi baino gehiago, desikasi egin dudala esango nuke. Hilabeteotan gure gizarte honen hauskortasunaz jabetu naiz. Azken hamarkadetan sendotutako mendebaldeko zibilizazio-gizarte hegemonikoa perfektutzat genuen, orain arteko eboluzio eredugarriaren emaitzaren gailurra zen asko eta askorentzat. Bada, egun batetik bestera, kinka larrian antzeman dut jada pandemiaren aurretik hainbat balio krisi zituen gizarte hura.

Beldurraren botereaz ere jabetu naiz. Nahita edo nahi gabe, horrekin ahazten gara, eta ezikusiarena egitera ere bikain trebatzen gaituzte. Zoritxarrez, beldurra beharrezko osagaia da gizarte batek aurrera egin nahi badu; hain zuzen ere, beldurra da aske egin zaitzakeen bakarra.

Sistemak dituen hainbat eta hainbat zirrikitutatik elikatutako beldurraren ahanztura horrek mugarik gabeko mundu aske, anitz, aberats, iraungarri, baketsu eta erosoan bizi garela sinetsarazten digu, guztia geure esku dagoela eta erabakiak guk geuk hartzen ditugula. Gezurra galanta. Gure gizarte honen funtzionamendu ‘eredugarria’ mehatxatuta dagoen momentutik bertatik, aurreko hitz eder horiek guztiak alfonbra azpian gorde eta benetako sistemaren aurpegia azaltzen da, Smithen esku ikusezina argia eta garbia bihurtzen da.

Europako autogobernu handienaren eta ia-ia estatu propio batez gozatzen dugunon lurra ere ez da salbuespena. Ederki nabarmentzen da nork agintzen duen larrialdi egoeretan, eta ‘agintea’ duten horien boterea non gelditzen den. Zein hizkuntzatan ekoizten diren erabakiak, zein muga ixten diren eta zein arrakastaz ireki, zein jartzen dituzten gure kaleetan gure segurtasuna bermatzeko zapaltzen… Azken finean, pairatzen dugun zapalkuntza nabarmen biderkatu da. ‘Guztia gure onurarako’, diote.

Behinik behin, nire hainbat arbasoren larruan jartzeko balio izan dit bizitzen ari garen honek… Krisiak, gerrak, gatazkak eta oinazeak, oro har, gure iraganaren zein etorkizunaren berebiziko zati dira, eta hobe dugu behingoagatik horren jabe izaten hastea hurrengo krisiak prestatuta harrapa gaitzan".

Gurutze Izagirre. Kazetaria (Zarautz): "Kazetaritzaren ikuspegitik, apartekoa da gertatzen ari dena"
"Azken sei hilabeteotan Berria-ko erredakzioa etxeetara eraman dugu. Zein gairi emango diogu lehentasuna? Nola garatuko dugu? Norekin hitz egingo dugu? Hau nola jarriko zenuke? Erredakzioan egiten diren eguneroko kontraste asko zaildu zaizkigu, eta eguna antolatzeko egin beharreko kontrasteak iragan mendean jaiotako gazteek dugun trebakuntza teknologiko mugatuarekin egin ditugu. Bidean galdu dugu lankide bat, minbiziarekin, eta etxeko bakardadean egin dugu harengatik ere negar.

Baina elkarri eusten egin dugu sei hilabeteotako lana, eta udazkena samurragoa izango ez denaren jakitun, elkarren arteko zaintzari eutsiz segituko dugu. Kazetaritzaren ikuspegitik, apartekoa da gertatzen ari dena, eta tamaina horretan ahalegintzen gara gertatzen ari dena ertz askotatik ulertzen eta kontatzen, Euskal Herritik begiratuta.

Egunero mirari txiki bat gertatzen dela esaten diogu batzuetan elkarri. Batzuetan Skype joan egiten da, Anydesk ez dabil, konexioa galtzen dugu, ezin dugu ordenagailua erabili alabak eskolarako behar duelako... eta egunen batean, uste duzunean "uf, gaur ez dugu hau bukatuko", beti dago norbait indarrak ateratzen dituena bukatzeko eta ateratzeko. Egunero egunkari bat ateratzea lortu dugu pandemia baten erdian Euskal Herriko bazter askotako etxeetatik eginda egunerokoa. Nire pribilegioen zerrendan beste bat apuntatu dut: sekulako lantaldea daukat".

Aitor Sorazu. Sahatsako dantzaria eta dantza irakaslea (Azkoitia): "Erakundeei kultur ekintzak antolatzeari ez uzteko eskatuko nieke".
"Bideokonferentzia bidez jardun ahal izateko dauden aplikazio desberdinak erabiltzeaz gain, ez nuen inoiz imajinatuko besteekin harremanak ordenagailu baten bidez egitera hain erraz jarriko nintzenik.

Jendeak bere kultur jarduna balkoietatik adierazi zuen konfinatuta egon ginen hilabete haietan, hainbat bideo jaso genituen guztiok, besteak beste, musika, dantza eta kantua erakutsiz; jendeak badu kultur ekintza egiteko eta azaltzeko behar hori.

Konfinamendu garaian jendeak izugarrizko irudimena duela ikusi zen; potentzial izugarria dago, eta aprobetxatu egin behar da hori. Geunden egoeran egonda ere jendeak ez dio utzi ideiak buruan bueltaka ibiltzeari.

Pasatutakoaren inguruan irakurketa egitea baino pasatzen ari garenaz egingo nuke, honek luze joko duen itxura baitu. Osasun krisia bat-batean etorri zaigu eta korrika eta presaka moldatu behar izan dugu; epe motzeko kontua izango zela uste genuena erabat luzatu da.

Kultur taldeek beren ekintzak bertan behera utzi behar izan dituzte, eta talde bakoitzaren egoera desberdina dela iruditzen zait. Okerren pasatzen ari direnak era profesionalean edo erdiprofesionalean jarduten dutenak dira; hori horrela izanik, erakundeei kultur ekintza desberdinak programatzeari ez uzteko eskatuko nieke. Gainontzeko taldeok egingo dugu aurrera; pentsatuta genituen ekintzak egiteko denbora epea luzatu egingo da, baina egingo ditugu.
Jendeak hartuta zuen kultur ekintzetara joateko ohitura konfinamenduaren aurretik, eta espero dut orain ohitura horri eustea eta kultura kontsumitzen jarraitzea".

Haritz Alberdi. Getariako alkatea: "Pertsonak erdigunean dituzten dinamikak bultzatu behar ditugu"
"COVID-19ak bat-batean harrapatu gintuen, eta azken hilabeteetan Getariako Udalak aurre egin behar izan dio pandemia honi herritar, eragile eta inguruko udalekin (Zumaia eta Orio) elkarlanean. Etorkizuna markatu beharko luketen jarrerei eta balioei esker erantzun diegu bizitzea egokitu zaizkigun momentu berezi eta gogor guztiei. Oilo-ipurdia jarri eta malko askok egin didate ihes boluntarioak lanean, bizilagunak gehien behar zutenei laguntzen, elkartasun keinuak, maitasun adierazpenak eta abar ikusi ditudanean. Okerrenari onenarekin erantzun diogu.

Aurrera begira, herritarron gehiengoa osatzen dugunok jakin behar dugu egoera hau aukera bihurtzen. Azken hilabeteetan egin bezala, pertsonak erdigunean jartzen dituzten dinamikak bultzatu behar ditugu. Horretarako, herritarrekin eta pertsonekin harreman zuzenak izan behar ditugu, erabakietan gardentasuna eta kontsentsua bilatuz, elkarlana eta auzolana indartuz… Posible egiten segitu behar dugu!".

Ane Arenas. Gazte hezitzailea (Azpeitia): "Gizarte indibidualista baten gabeziak agerian gelditu dira"
"Martxotik hona bitartean irakurketa asko egitera eraman nau egoera berriak, eta surrealismo kutsu handi batekin begiratzen diot oraindik ere errealitateari. Sendotasun, koherentzia eta informazio faltak heldulekuak kendu dizkigula iruditzen zait, eta gure erosotasun egoeratik atera behar izan gara nahitaezean. Horren aurrean, noraezak, amorruak eta haserreak izugarrizko lekua hartu dute jendartean, eta etengabe erreparatzen ari naiz hau guztia giza harremanetan eragiten ari den galerari. Ondo eraiki dugun gizarte indibidualista baten gabezia guztiak agerian gelditu dira.

Sei hilabete hauetan ikasi dudana da etorkizunari beste era batera begiratzen, inguruan ditudan babesguneen garrantziaz ohartzen, gure zoriontasuna nola materializatzen dugun hausnartzen, ingurumena miresten eta gauza sinpleenetan atentzioa jartzen. Aukera aparta izan da emozioen kudeaketaz asko ikasteko ere".

Ainara Agirre. Erizaina (Zarautz): "Ikasi dugu begiekin ere barre egin daitekeela"
"Uste dut argi geratu dela ez garela ezer mundu honetan, nahiz eta gure ustez onenak izan. Uste dut inork ez zuela gehiegi espero ikusi ere egiten ez dugun zomorro batek egun batetik bestera mundua gelditu eta bakoitza bere etxean sartuta egotera behartuko gintuenik. Horrela ikasi dugu apur bat gelditzen horren azkar bizi garen mundu honetan. Batzuek denbora hori baliatzen jakin dute: beren buruarekin hainbeste denbora egon eta ikasteko aprobetxatu dute askok denbora. Uste dut denok atera dugula zerbait ‘soberan’ eduki dugun denbora horretatik.

Lanari dagokionez, zaila iruditzen zait sei hilabete laburbiltzea, denbora gutxian sentimendu asko bizi izan ditugulako: beldurra, desordena, inpotentzia, tristura, nekea... denetik. Hala ere, sortu zen kaos horretan inoiz baino elkartuago egon garela iruditzen zait: jende berri asko, protokolo aldaketak, egun batetik bestera ikasi beharreko gauza berriak... beti ere eramangarriagoak dira lankide onekin. Asko lagundu diogu elkarri, eta lanetik kanpoko laguntza ere izan dugu beti; 20:00etako txalo horiek ere bizi izan ditugu. Esker oneko eskutitz eta mezu asko jaso ditugu; zuek zarete gure benetako indarra honetan segitzeko.

Orain lanean jarraitzen dugu, hemen ez baita ezer bukatu oraingoz, zoritxarrez. Pertsona asko hil dira, beste batzuk sendatu ere bai. Dena den, iruditzen zait inor ez dela benetan arduratzen gertu tokatu arte. Denok egin ditugu gauzak gaizki, baina enpatia gehiago behar du mundu honek, denerako.

Extralurtarrez jantzita lan egitea tokatzen zaigunok ikusi dugu begiekin ere barre egin daitekeela. Ohartu gara ez dela berdina eskularruak dituen esku bati heltzea. Maskararekin ahoa eta sudurra (ez ahaztu hori ere estali behar dela!) estali dizkigutenetik, konturatu gara zenbat inporta duten irribarreek. Debekatuta daudenetik dakigu zenbat gustatzen zaizkigun besarkadak eta musuak. Ospitaleetan bisitarik ez dagoenetik ohartu gara kolore denetako pilulek baino gehiago sendatzen duela konpainiak: familiak, lagunek eta gertuko pertsonek. Izan ere, gaixotasuna bera gogorra izan da, baina bakardadeak are gogorrago egin du. Ohartu gara egindako bideo dei horiek denak zer garrantzitsuak izan diren esperantza izaten jarraitzeko eta aurrera segitzeko. Ez dago maitasuna baino botika hoberik".

Aitor Zinkunegi. Elkar-ekineko kidea (Azpeitia): "Datorkigunaren aurrerapen bat bizi dugulakoan nago"
"Uste dut, teknologia berrien eraginez, aldaketa garrantzitsuak bizitzen ari garela azken urteetan, eta pandemiak aldaketa horiek azkartu dituela nolabait. Era berean, datorkigunaren aurrerapen bat ere bizi dugulakoan nago. Berriz ere sektorerik zaurgarrienak izan dira gehien kolpatuak: adinekoak, migranteak, presoak, umeak… eta nire ustez, hor jarri behar genuke fokua aurrerantzean. Herri bezala, berriz, komunitate saretua garela iruditzen zait, baina sakoneko aldaketa sozialak garatzeko, asko dugu oraindik egiteko.

Sei hilabete hauek nahiko egoera lasaian bizi izan ditut, eta alde horretatik, pribilegiatua sentitu naiz. Horrek guztiak perspektiba hartzeko aukera ere eman didanez, ikasteko baino, hausnarketarako baliatu ditut. Zentzu horretan, Albert Camus-en La peste liburua gomendatuko nuke, hartzen ari garen jarrera batzuk ulertzen laguntzeko. Bestalde, Irati Zubiaren Egia-ostea ziurgabetasun garaian hitzaldia oso ona iruditu zitzaidan. Egiaren eta zientziaren arteko harremana birpentsatu beharraz aritu zen, eta gaur egun, mahai gainean dugun eztabaida interesgarrienetakoa dela esango nuke".

Amancay Gaztañaga. Musikaria eta aktorea (Zestoa): "Ez dut ulertzen kulturari eman dioten labankada ‘brutala’; izutzekoa da"
"Konfinamendu hasierako sustoa beldurgarria izan zen, antsietate handiarekin bizi izan nuen: telesail bat grabatzen ari nintzen, eta bertan behera gelditu zen; antzerkiko emanaldiekin berdin; eskolak online egiten jarraitu ahal izan nuen, baina kontzertuak ere bertan behera gelditzen hasi ziren... Gerora, gauzek martxa hartu dute berriro, baina ez dut ulertzen kulturari eman dioten labankada brutala; izutzekoa da. Badirudi atzeko lanik ez dagoela kulturan, baina gure lanaren oinarri diren pertsona asko daude atzeko zeregin horietan, eta ikaragarrizko prekarietatean gelditu dira. Utzikeria galanta jasan dute eta jasaten ari dira. Nahiko nuke honek guztiak laguntzea begirada pixka bat batzen, eta indibidualismora jo ordez, denontzat ona den zerbait lortzea, elkarrekin".

Aitor Frantzesena 'Gallo'. surflaria (Zarautz): "2020az ari gara, baina ni 2021ean izango dugun egoerak kezkatzen nau"

"Ikasi dut gaixotasuna jendeak uste duena baino konplexuagoa dela. Ez dut ulertzen nola dagoen hainbeste jende, birusa harrapatu eta ezer gertatzen ez zaiona; eskema guztiak hausten dizkit. Hedabideetan entzuten duzu jende ezagunak birusa harrapatu duela, eta ez zaiola ezer gertatzen. Hori oso arraroa eta ulertzeko oso zaila egiten zait.

Horrez gain, uste dut jendea ez dela ari gaia hartu beharko genukeena bezain serio hartzen. Jendeak pentsatzen du heltzen zaion informazioa ez dela benetakoa, eta normala da, hainbeste gauza entzuten dira, eta hainbeste informazio geratzen da airean, ezen jendeak jada ez duen ezer sinesten. Horrenbesteko nahasmenak jendeari eragin dio ahaztea gaitza zeinen indartsua den. Nik gaitza harrapatu nuenean oso gaizki pasatu nuen, beraz, ezin dut ulertu jendeak nola egiten dion aurre horren erraz. Uste dut jendeak ez duela oso serio hartzen kontua orain, baina iruditzen zait hori normala dela, ez dugulako ikusten zein den errealitatea. Noizean behin entzuten duzu jendea hiltzen dela ZIUn, baina ez dakigu egia zein den, datuez eta zenbakiez ez garelako fidatzen. Azkenean jendeak bizitzen jarraitzen du, eta hori da normalena.

2021ak kezkatzen nau, izugarri. 2020aren amaiera gainean dugu dagoeneko, eta ikus dezakegu urtea oso modu zailean bukatuko dutela askok. Ni ez naiz igarlea, eta ez naiz honetaz hitz egiteko pertsonarik egokiena, baina nire inguruan entzuten hasia naiz pobretasuna heltzen ari dela. Jende asko dago lanik gabe, eta kontuak asko aldatu ezean, 2021a oso txarra izango da. Oso pertsona positiboa naiz, baina ingurura begiratuta, hori besterik ezin dut pentsatu. Politikariek ezin dute jarri ados beraien artean, lanaren aldi baterako erregulazio txostenekin dabiltzala entzuten diot mundu guztiari, Europar Batasunaren laguntzak berandu arte ez dira helduko... horregatik, uste dut 2021ean jende askok gosea pasako duela, eta gosea dagoenean, jendea kalera irteten da. Aurkakoa esatea gustatuko litzaidake, baina horrela ikusten dut kontua. Espero dut ez dudala arrazoirik izango!"

Yoseba Peña. idazlea (Zarautz): "Euskal kultura beti egon da larrialdian, baina orain ZIUn gaude"

"Geldialdia Kolpe izugarria izan da kulturarentzat. Pandemiak gizartearen autopsia aurreratua egin du, eta gure arazo guztiak agerian geratu dira. Euskal kulturaren arazoak areagotu dira eta ikusi da instituzioen bermea falta dela, publiko gutxi dagoela eta gure kulturgileen egoera prekarioa dela. Hori dena areagotu da. Krisi guztietan sortzen dira aukerak eta, gure kasuan, oso kezkatuta gaude kulturgileok. Ahal dugun moduan batzen ari gara gauza berriak sortzeko, sinergiak aprobetxatzeko. Orain, esaterako, liburu aurkezpenak Galdakaoko jaialdi baten, Ahotsenearen eta Literaturiaren artean egingo ditugu.

Horrelako gauzak ezin dira lortu ez bada euskal kultura erdigunean jartzen eta ez badugu onartzen kultura hori dela gure muina. Zentzu horretan, oso kaltetuta atera da eta, paradoxikoki, kultura izan zen bizirik eta esna mantendu gintuen gauzarik inportanteena itxialdian. Ikusita zer paper garrantzitsu izan duen, konfinamendua pasa denean instituzioak gutaz ahaztu dira. Euskal kultura beti egon da larrialdian, baina orain ZIUn gaude. Hemendik ere aterako gara, baina kontua da nola ateratzen garen, esaterako, jakiteko modukoa da bidean zenbat kulturgilek topatu behar izan duten beste lan bat".

Alex, 8 urteko haurra (Zarautz): "Ikastolak kartzela ematen du orain"

"Etxean pixka bat aspertuta egon nintzen konfinamenduan, baina eskulanak eta beste gauza pila bat egin genituen. Jostailuekin ere jolasten nintzen, eta batzuetan telebista ikusten nuen. Zailena izan zen nire aitarekin eta amarekin jolastea, ni ohituta nagoelako lagunekin jolastera.
Ateratzerakoan lehenengo gauza egin nahi nuena zen portua ikustera joatea, ikusteko nola zegoen puskatuta.

Eskolara itzulera ez zait asko gustatu, Ikastolak kartzela ematen du. Gauza asko ezin ditugu egin. Adibidez, ezin dugu beste gelako lagunekin jolastu, eta komunera joateko ilara luzea egoten da. Ikastola lehen zegoen bezala egotea nahi dut, oso gustura etortzen nintzelako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide