Mailaz igotzeko aukerarik gabe amaitu dute Zumaiak eta Getariak

Gorka Zabaleta 2020ko abuztuaren 30a

Hibaikak lortu du ETE Ligako bigarren postua, Zumaiaren aurretik; Getariak ere hirugarren amaitu du KAE-1 Liga, Pedreña eta San Pedroren atzetik.

Denboraldi ona osatu arren, mailaz igotzeko aukerarik gabe amaitu dute Zumaiak eta Getariak. ETE Ligan, erabakigarriak izan dira Castro Urdialesen jokatu diren azken bi estropadak. Sailkapen nagusian berdinduta zeuden Hibaika eta Zumaia, bigarren postua jokoan. Hibaikak bi puntuko aldea atera zion atzo Zumaiari eta gaur bakarra berreskuratu ahal izan dute zumaiarrek. Tamalez, mailaz igotzeko kanporaketa jokatzeko aukerarik gabe gelditu dira Telmo Deuneko arraunlariak. Atzoko estropada Tolosaldeak irabazi zuen eta gaurkoa berriz Ondarroak.

KAE-1 Ligan, Getariak hirugarren amaitu du, Pedreña eta San Pedroren atzetik, eta ezingo du kanporaketa jokatu. Atzo hirugarren amaitu zuen eta gaur laugarren. Liga berean, Zumaia zazpigarren izan zen atzo eta gaur zortzigarren, eta sailkapen nagusian zortzigarren amaitu du denboraldia. Eta Oriori dagokionez, atzo hamargarren izan zen eta gaur hamaikagarren, baina azken sailkapen nagusian bederatzigarren postuari eutsi dio. Atzo Pedreñak irabazi zuen estropada, gaur San Pedrok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide