Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi dituzte dagoeneko azken orduetako koronabirus datuak. Hego Euskal Herrian 766 positibo detektatu dituzte azken orduetan; atzo baino hogei gehiago. Gainera, 88 urteko emakume bat hil da Nafarroan, koronabirusak jota.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.358 PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo, eta horietatik 661 lagunek eman dute positibo; hau da, %8,9k. Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, 388; Gipuzkoan, 143; eta Araban 126. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi den pertsona batek ere eman du positibo. Nafarroan, berriz, 105 kasu zenbatu dituzte.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 35 lagun ospitaleratu dituzte COVID-19a dela eta, eta 21 lagunek jarraitzen dute hiru lurralde horietako ospitaleetako ZIUetan –atzo baino bi gutxoago–. Nafarroan, berriz, hiru lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan.
Azpeitian positibo bat
Herriz herriko daturik ez du eman gaur Jaurlaritzak, asteburuetan ez baitu jakinarazten. Dena den, Azpeitiko Udalak jakinarazi du herriko azken orduko datua: positibo bakarra atzeman du azken orduetan. Hala azaldu du Azpeitiko Udalak oraintsu kaleratutako oharrean. Atzo, zapatua, 80 bat PCR proba egin zituen Osakidetzak Azpeitian, eta gaur beste 60 egin ditu; bihar, berriz, 90 bat gauzatuko dituela aurreikusten du erakundeak.
Joan zen abuztuaren 14az geroztik, COVID-19aren Alde Zaharreko agerraldiari lotuta zenbatu duten positibo kopuru baxuena da atzokoa; izan ere, herenegun, adibidez, bederatzi kasu detektatu zituzten. Azken orduetan positibo bat detektatu badute ere, PCR probak egiten segitzen du Osakidetzak anbulatorioaren ondoan.
"Birusaren katea eteteko elkarlanean jarraitzen dugu Osasun Sailak eta udalak. Probak egiten jarraitzen dute, eta positiboen kopurua jaistea datu positiboa da, baina zuhurtziaz hartu beharrekoa, egunez egun gora-beherak izan daitezkeelako”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Hark azaldu duenez, fokuarekin eta herritarrek bizi duten egoerarekin "oso kezkatuta" jarraitzen du.
Abuztuaren 14az geroztik, itxita dira udal zerbitzuak, hala nola igerilekua, kiroldegia, liburutegia eta turismo bulegoa, eta udalak azaldu duenez, hala segituko dute Osasun Sailak emandako aholkuekin bat eginez.