KAE-1 Ligako estropadan, Getariak lortu zuen atzo emaitzarik onena, bigarren sailkatu baitzen, Pedreñaren atzetik eta Deusturen aurretik ehuneneko gutxi batzuk alde. Getariarrek hirugarren segitzen dute sailkapen nagusian. Estropada berean Oriok bosgarren amaitu zuen, bere txanda irabazita. Txanda berean aritu zen Zumaia. Telmo Deunek zortzigarren postuan bukatu zuen estropada. Are gehiago estutu da bi taldeek sailkapen nagusian daukaten lehia. Zumaiak segitzen du zortzigarren postuan, baina Orio parean du ia.
KAE Ligako bigarren taldean ari den Zarauzko tripulazioari dagokionez, ez zuten estropadan parte hartzerik izan, bi arraunlarik positibo eman baitute PCR proban. Liga amaitzeko gelditzen diren beste hiru estropadak galduko ditu Zarautzek.
ETE Ligari dagokionez, Zumaiak atzo ez zuen bere emaitzarik onena lortu. Laugarren amaitu zuten, Tolosaldea, Hibaika eta Ondarroaren atzetik, eta sailkapen orokorrean aldeak estutu egin dira Hibaikarekin, bigarren postuari eutsi dioten arren.
Gaur ere Getxon izango dira estropadak, emakumena 18:00etan eta gizonena 19:00etan.