Azken orduetan, hemeretzi lagunek eman dute positibo PCR probetan eskualdean

Julene Frantzesena 2020ko abuztuaren 20a

Zortzi kasu zenbatu dituzte Azpeitian, hiru Azkoitian eta Zarautzen, bi Aian eta bana Zumaian, Zestoan eta Orion. Gipuzkoan, guztira, 73 positibo detektatu dituzte. Azpeitiko San Martin egoitzako egoiliar guztiek negatibo eman dute proban.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak dagoeneko jakinarazi ditu azken orduetako koronabirus datuak, eta eskualdean hemeretzi positibo atzeman dituzte. Azken egunetako gisan, Azpeitian atzeman dituzte positibo gehien: zortzi. Horrez gai, Azkoitian eta Zarautzen hiruna positibo, Aian bi, eta Zumaian, Zestoan nahiz Orion bana detektatu dituzte.

Hego Euskal Herrian, orotara, 689 positibo zenbatu dituzte –atzo baino 94 gehiago–. Araban 117, Bizkaian 372, Gipuzkoan 73 eta Nafarroan 113 positibo izan dira. Gainera, positibo eman duten beste hamalau lagunek hiru lurralde horietatik kanpo dute bizilekua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.023 PCR proba gauzatu dituzte.

Egun 176 lagun daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –atzo 39 ospitaleratu zituzten–, eta horietatik hogei daude ZIUn. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako RO indizea –oinarrizko birsorkuntza tasa–, berriz, 1,11 da.

Azpeitian zortzi positibo

Alde Zaharrean izandako COVID-19aren agerraldia kontrolatzeko lanetan segitzen dute Azpeitiko Udalak eta Osasun Sailak. Azken orduetan, guztira, zortzi lagunek eman dute positibo proba horretan. Ostiralean fokua atzeman zutenetik 111 positibo detektatu dituzte.

Datu baikor bat ere utzi dute, ordea, azken orduek: San Martin egoitzako egoiliar guztiek negatibo eman dute atzo gauzatutako probetan. "San Martin egoitzako egoiliarren negatiboen berri izateak lasaitasun pixka bat ematen digu. Izan ere, kezka nagusia adinekoak eta patologiaren bat duten herritarrak dira", azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Egoitzako langileei ere egin zizkieten probak atzo, eta horiek datozen orduetan jasoko dituzte emaitzak.

Egoerarekin "kezkatuta" jarraitzen du udalak, egunez egun kasu positibo gehiago ari direlako agertzen. "Positibo bakoitzak bere kontaktu zuzenei proba egitea dakar, eta positibo gehiago agertzeko aukera. Fokua kontrolatzeko lanean jarraitzen dugu, eta horretarako beharrezkoa da prebentzio neurriak ahal bezain beste zorroztea, birusak gure inguruan jarraitzen duelako", azaldu du alkateak.

Horrez gain, udalak gogorarazi du PCR proba egin dutenek emaitza jaso bitartean etxean egon behar dutela, eta positiboen kontaktu zuzenek bigarren proba egin bitartean ere bai. "Proba egitera joaten direnak edo etxean bakartuta daudenak kutsatuta egon daitezkeelako da hori derrigorrezkoa. Horregatik, arduraz jokatu eta guztion osasunagatik irizpide horiek betetzeko eskatzen diegu herritarrei”, gaineratu du Alkortak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide