Sei kasu positibo zenbatu dituzte Azkoitian azken orduetan

Juan Luis Romatet 2020ko abuztuaren 11

Zazpi kasu positibo berri zenbatu dituzte azken 24 orduetan eskualdean. Egoera larriena Azkoitian bizi dute: egun batetik bestera sei kasu positiboren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urola Kostako zazpigarrena Azpeitian detektatu dute.

Banaka izan bada ere, koronabirus kasu positiboak eman dira Azkoitian azken egunotan. Azken ordu hauetan, ordea, sei kasu berri ezagutu dira herrian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera. Urola Kosta eskualdean beste kasu bat ere detektatu dute azken 24 orduetan; Azpeitian, hain zuzen ere. Guztira hamar kasu atzeman dituzte Azkoitian azken zazpi egunetan, eta sei Azpeitian.

Uda garaian kostaldeko herrietan ezagutu dira koronabirus kasu gehienak, Zarautzen, Getarian eta azken egunotan Zumaian ere bai. Baina, datu horien arabera, azken orduetan ez da COVID-19 kasurik izan kostako herrietan.

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, beste 259 kasu positibo izan dira atzotik gaur arte. Gehienak Bizkaian detektatu dituzte –180 kasu–, Gipuzkoan 44 positibo zenbatu dituzte, eta Araban 35. PCR probetan positibo emandako beste sei kasuren berri ere eman du Osasun Sailak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide