Hamar koronabirus kasu detektatu dituzte eskualdean azken orduetan

Juan Luis Romatet 2020ko abuztuaren 3a

Koronabirus kasuek gora egin dute eskualdean azken orduetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamar kasu detektatu dira Urola Kostan: launa Getarian eta Zarautzen, eta bana Azpeitian eta Azkoitian.

Getarian eta Zarautzen izan dira positibo gehien azken 24 orduetan. Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, kostaldeko bi herri hauetan launa kasu positibo izan dira. Getarian zein Zarautzen gora egin dute positibo kasuek azken egunotan: Zarautzen 22 kasu izan dira astebeteko epean; Getarian, berriz, hamabi. 

Azpeitian eta Azkoitian ere kasu bana izan dira azken orduetan; azken zazpi egunotan izandako kasu bakarrak dira hauek. Eskualdeko beste herrietan ez da koronabirus kasurik atzeman 24 ordu hauetan. Azken asteko datuei so eginez, Orion bi kasu izan dira eta Zumaian hiru.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez, beste 154 kasu positibo izan dira azken orduetan. Bizkaian izan dira positibo gehien, 105; Araban 20 kasu izan dira, eta 29 Gipuzkoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide