Izen emate zerrenda ia beteta, Inaziotar Bideko etapak egiteko

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 29a, 13:09

Inaziotar Bideko etapez gain, bisita gidatuak ere egingo dituzte uda sasoian, Ezkutuko Altxorrak programaren barruan. Interesatuek aurrez izena eman beharko dute.

Ezkutuko Altxorrak programaren baitan, Inaziotar Bideko lehen hiru etapak izango dira datozen egunetan. Etapa bakoitzean hamabi lagunek parte hartuko dute, eta leku bakarra dago oraindik bete gabe. "Koronabirusa dela-eta, irteerak talde txikietan egitea erabaki da, eta hasieratik, segituan, bete ziren plaza guztiak", azaldu du Loiola turismo bulegoko arduradunak. Halere, bigarren etapa egiteko leku bat gelditzen da oraindik, eta interesa duenak aurrez izena eman beharko du.

Uztailaren 31n izango da lehen etapa, abuztuaren 1ean bigarrena eta 2an hirugarrena. Hiru etapak 09:00etan hasiko dira. Lehena, Loiolatik Zumarragara izango da, eta 15,9 kilometroko bidea egin beharko da. Bigarrena, Zumarragatik Arantzazura da, eta 20,4 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Etapa horretarako plaza bat bete gabe dago oraindik; interesa duenak aurrez izena eman beharko du 943 151 878 telefonora (Loiolako informazio bulegoa) deituta edo info@tierraignaciana.com helbidera idatzita. Bost euro ordaindu beharko zaio gidariari, eta behin ibilbidea amaitutakoan Arantzazutik Zumarragara itzultzeko autobusa hamar euro izango da. Azkenik, hirugarren etapa Arantzazutik Araiara egingo dute, 18 kilometroko bidea eginez.  

Inaziotar Bideko etapez gain, bisita gidatuak ere egingo dituzte uda sasoian, Ezkutuko Altxorrak programaren barruan.  Hauek dira eskualdean zehar egingo diren bisita guztiak:

  • Abuztuak 5, asteazkena. Loiola-Azkoitian, 10:00etan. Loiolatik Baldara ibilbide historikoa, Loiolakoaren eraginpean.
  • Abuztuak 8, larunbata. Loiola-Azpeitian, 10:00etan. Loiolatik Madalenara ibilbide historikoa, Loiolakoaren eraginpean.
  • Abuztuak 9, igandea. Izarraitzen, Aittolatik irtenda, 10:00etan. Xoxoteko Inazio, bailarako zaindaria.
  • Abuztuak 15, larunbata. Loiolan, 12:00etan. Iñigoren Loiola.
  • Abuztuak 22, larunbata. Aizarna-Santa Engrazin, 11:00etan. Aizarnako antzinako herrixkak.
  • Abuztuak 29, larunbata. Zestoan, 12:00etan. Zestoa hiriburu termala.
  • Abuztuak 30, igandea. Azpeitian, 11:00etan. Loiolako Inazio 1535ko Azpeitian: Madalena-Lasao.
  • Irailak 12, larunbata. Loiolan, 12:00etan. Iñigoren Loiola.
  • Irailak 13, igandea. Azkoitian, 12:00etan, Azkoitiaren sorrera historian zehar.
  • Irailak 19, larunbata. Azpeitian, 12:00etan. Azpeitia XVI. mendean.
  • Irailak 20, igandea. Azkoitian, 12:00etan. Jauregi eta dorretxe artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide