Ostiraletik igandera 66 PCR positibo atzeman dituzte Urola Kostan

Onintza Lete Arrieta 2020ko uztailaren 20a

Horietatik gehienak, 53, Zarautzen egindako probak dira. Aian bi kasu atzeman dituzte, Getarian hiru, Orion zazpi, eta Zumaian bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan asteburuko hiru egunetan guztira 426 kasu positibo berri atzeman dituzte. Egindako testak, berriz, 14.304 izan dira.

Osasun Sailak publikatu ditu azken egunetan koronabirusa atzemateko egindako PCR proben emaitzak, eta Urola Kostan, hainbat herri sartu dira zerrendan. Ostiraletik igandera arteko datuak kontuan hartuta, 66 kasu berri daude eskualdean, gehienak Zarauzkoak; 53. Datu ofizialen arabera, herri horretan ostiralean 12 positibo agertu ziren, larunbatean 35, eta igandean 6. Gaur prentsa agerraldian Xabier Txurruka alkateak emandako datuak, berriz, desberdinak izan dira. Hark ez du ostiraleko daturik eman, baina larunbatean 38 positibo eta igandean 11 positibo egon zirela esan du.

Orion egon da bigarren kasu gehien asteburuan, zazpi guztira. Ostiralean kasu bakarra atzeman zuten, baina larunbatean bi, eta atzo lau. Oraingoz ez du adierazpenik egin Orioko Udalak.

Getarian hiru kasu atzeman dituzte, bat ostiralean eta bi larunbatean, eta igandean batere ez. Aian bi guztira, bana larunbatean eta igandean, eta Zumaian, azkenik, bakarra, larunbatean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei erreparatuz, berriz, zenbakiak gora egiten du, ostiraletik 426 kasu positibo atzeman dituztelako PCR proben bidez. Egindako PCR probak ere asko dira, ordea: 14.304, Osasun Sailaren arabera. Gipuzkoari dagokionez, hiru egunetan 212 positibo egon dira lurraldean.

Zarauzko alkateak, lasaitasunerako mezua

Gaur eguerdian, Zarauzko anbulatorio aurrean jarritako gune berezian bi langile (Onintza Lete Arrieta)

Xabier Txurruka alkateak bi mezu eman nahi izan ditu gaur eguerdian egin duen agerraldian. Batetik, "lasaitasuna" helarazi nahi izan du. "Hasiera batean kezkagarriak izan zitezkeen datuak. Aurreko astean jende pilaketetan parte hartu zuten herritarrei egin zaizkie probak, eta horiek orain jakin ditugu, eta igandean, horien ingurukoei egin zaizkie probak. Datuak iristen ari zaizkigu, baina ikusten ari gara ez dela transmisiorik egon. Kutsatu bakanen bat, baina ez da orokorra. Beraz, albiste ona da".

Txurrukaren arabera, egin diren PCR proba guztietatik 38k eman zuten positibo larunbatean, eta 11k, atzo. Gogorarazi du 2.000 PCR baino gehiago egin direla ostiraletik igandera. Hain zuzen, Osasun Sailaren datuen arabera, ostiralean 12 PCR positibo egon ziren Zarautzen. "Zarauzko biztanleriaren %10 inguruak egin du proba, eta behar diren guztiak egingo ditugu, betiere jarraipena egiten ari diren profesionalek jarritako irizpideei jarraituz".

Bestalde, "eskaera zuzena" egin die alkateak positibo eman duten herritarrei: "Etxean bakartuta daudenei eskatu nahi diet osasun langileek emandako irizpideak egoki bete ditzatela eta arduratsu joka dezatela, transmisiorik egon ez dadin".

Udalekuei dagokienez, horiek bertan behera gelditu direla, baina lasaitasunerako deia egin du, eta esan du prebentzio neurri gehiago hartu ala ez datu epidemiologikoek esango dutela.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide