Osasun Sailak ez du herriz herriko positiboen daturik eman

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uztailaren 18a

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 115 kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan, eta horietako hamahiru dira proba masiboak egiteko prestatu dituzten guneetan topatutakoak.

Nekane Murga Osasun sailburuak emandako datuen arabera, azken orduetan 115 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte –9 Araban, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan–, baina gaur ez dute herriz herriko daturik zehaztu Osakidetzak argitaratutako txostenean. Atzo, guztira, 5.000 PCR proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta atzemandako 115 kasu positibo horietatik hamahiru dira proba masiboak egiteko prestatu dituzten guneetan topatutakoak. Zarautzen dago atzotik halako gune bat, baina ez dute zehaztu hamahiru horietatik zenbat diren Zarauzko positiboak. Murgak argitu duen bakarra da beste herrietakoa baino "portzentaia handiagoa" dela Zarauzkoa. 1.000 proba egin zituzten atzo Zarautzen, eta gaur beste 700 egitekotan dira. Bihar 14:00ak arte probak egiten jarraituko dute. Hori horrela, aurreikusten dute astelehen arratsaldean datu guztiak izango dituztela.

Murgak gaineratu du Aiako berragertzea "ia-ia itxitzat" ematen dutela, eta Getariakoa, berriz, "kontrolpean" dutela.

Neurriekiko kontzientzia

"Jendea askoz arduratsuago dabil herrian", jakitera eman du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, eguerdian prentsari egindako adierazpenetan. Herritar guztiek maskara soinean daramatela azaldu du, eta atzo iluntzean zorrotz bete zituztela ostalaritza establezimendu guztiek ezarritako arau berriak. Izan ere, maskara jantzita eraman behar da baita hondartzan urertzean paseatzeko ere, eta hori ere zaintzen dabil egunotan Udaltzaingoa. "Badirudi oraingoan denek hartu dutela arauak betetzearen kontzientzia, gertatu dena oso larria izan zitekeelako".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide