Gaur hasi dira Zarautzen PCR proba masiboak egiten, baina azken orduetako datuen arabera, atzo jada bost positibo berri atzeman zituzten Zarautzen. Azpeitian ere COVID-19 kasu bat atzeman dute. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, Getariako fokuarekin lotuta dago Azpeitiko kasua, eta positibo eman duen herritarra "isolatuta" dago. Osasun Saila ingurua aztertzen nahiz probak egiten ari dela azaldu du udalak.
Osasun Sailak jasotako informazioaren arabera, Gipuzkoan azken orduetan 35 positibo berri egon dira, Bizkaian 26, eta Araban lau.
Zarautzen hiru egunez egingo dituzte proba masiboak, gaur hasita. Bertan dauzka begiak jarrita, izan ere, Osasun Sailak. Batetik, aste honetan Talai Mendi kanpinean hainbat proba egin behar izan dituzte bezero ohi batek positibo eman duelako. Bestetik, ikasturte amaierako ospakizunetan parte hartu zutenetako batek ere positibo eman, eta herriko gazte asko eta asko daude proba egiteko zain edo emaitzaren zain. Agintariek neurriak hartzea erabaki dute ostalaritza sektorean, eta gaurtik, tabernak 23:30erako itxi beharko dituzte, eta lokalen edukiera gehienez %50ekoa izango da.
Getarian, berriz, gaur dute proba masiboen hirugarren eta azken eguna. Haritz Alberdi alkatearen esanetan, 1.200 PCR proba egin dira, eta oso gustura da emaitzekin, positibo gutxi agertu baitira, hamar guztira.
Azpeitiko Udalak emandako datuen arabera, azken egunetan "ohi baino test gehiago" egin dituzte Azpeitiko anbulatorioan. Hain zuzen, aste honetan 250 inguru PCR proba egin dituzte Azpeitian, Zarauzko eta Getariako fokuei lotuta.
Nagore Alkorta alkateak “ardura eta lasaitasuna” eskatu die herritarrei: “Gaixotasuna gertu dugu, eta ardura eskatzen diegu herritarrei. Udala hasi da hainbat neurri hartzen; bakoitzari geure arduratik eragitea dagokigu gaixotasuna zabaldu ez dadin”. Halaber, prebentzio neurriak hartzearen garrantzia azpimarratu du Alkortak: “Gaurko datuen arabera, azken aste askoren ostean kasu positibo bat dugu herrian. Horrek erakusten du tentuz jokatu behar dugula. Norbera zainduz herritarrak zaintzea dagokigu guztioi, eta herritarrei prebentzio neurriak ondo hartzeko eskatu nahi dizuet”.
Erakundeak azaldu duenez, "gertuko herrietan daude COVID-19aren zenbait foku", hala nola Zarautzen, Tolosan eta Getarian, eta herritarren mugikortasunak COVID-19aren hedapena zabaltzea eragin du: “Fokuak edonon gerta daitezke, eta horrek eragin zuzena izan dezake gure herrian. Denon esku dago azpeitiar guztion osasuna”.