Getariako Politena tabernako langile batek positibo eman du azken orduetan koronabirusaren proban, eta horrek taberna ixtea eta hainbat neurri hartzea ekarri du. Atzo lau ziren kutsatuak, eta gaur goizean jakin dira azken biak. Osasun Sailak erabaki du gaurtik aurrera PCR probak egitea uztailaren 9tik 12ra artean establezimendu horretan ibili diren herritar guztiei. Frontoian lau mahai jarri dituzte PCR probak egiteko, eta dagoeneko 600 lagunek eman dute izena. Getariarrek ez ezik, kostako gainerako herritarrek ere Getarian egin behar dute proba, taberna horretan izan zirelako. Beste herrietakoek, berriz, nork bere herrian egin beharko du. Gaur goizean 08:00etan iritsi dira Osakidetzako profesionalak Getariako frontoira, tokia egokitu eta 09:00etarako material guztia prest uzteko. 09:00etan ilarak sortu dira, nahiz eta txandak aurrez hartuta eduki herritarrek.
Haritz Alberdi alkatea pozik agertu da Osasun Sailak hartutako erabakiarekin, alegia, PCR probak egitea herritarrei, "baita antolakuntzarekin eta jarri diren bitartekoekin ere". Herritarren erantzunarekin ere pozik da: "Herritarrei eskatu zaie egin ditzatela probak, eta ondo ari dira erantzuten; azken datuen arabera 600 lagunek eman dute izena, eta izena eman eta eman jarraitzen dute". "Egin behar ziren urratsak egiten ari garelako lasai gaude, ikerketa ere ari dira egiten eta uneoro ari dira baloratzen dituzten datuak, horren arabera erabakiak hartzeko".
Herritarrak lasai ikusi ditu, "kezkatuta ea kutsatuta dauden, baina kezka horrek hemen eta herri guztietan egon behar luke",adierazi du. Adin guztietako herritarrak bertaratu dira, baita umeak ere, Politenako langileren bat parkean egon zelako. "Baina, hasiera batean, Politenan ibili zirenengana dago mugatuta hau", zehaztu du Alberdik.
Herritarrei berriro eskatu die arduraz joka dezatela gaixotasunaren aurrean. "Mesedez eskatu nahi diet bete ditzatela eskatzen zaizkigun gauzak: gutxieneko distantzia errespetatzea, higienea zaintzea eta maskara erabiltzea". Aurreko astean egin zuen prentsaurrekoa Alberdik berak udalaren izenean herriko ostalari eta merkatari elkartekoekin, eskatuz maskara erabiltzea pilaketa handiko guneetan, eta eskaera hark erantzuna izan zuela azaldu du. "Aldaketa nabarmena egon da, eta orain kasuak atzeman direnetik ere, maskara gehiago ikusten da. Neurri gehiago hartzea nahiko nuke Eusko Jaurlaritzak, ikusita zer erraz kutsatzen den COVID-19a, komunitate oso baten osasuna eta bizitza dagoelako arriskuan, eta baita osasun psikologikoa ere, lanarekin lotuta. Ideala litzateke gutariko bakoitzak hartzea ardurak, baina administrazioak ere erabakiak hartu behar ditu, serioak".
Udalak ere hartu ditu neurri batzuk. Batetik, egun batzuez bertan behera utzi ditu umeen udalekuak, eta udal lokaletan egitekoak ziren bilerak ere bai. Bestetik, herriko kale printzipaletan maskarak erabiltzea beharrezko egin zuen udalak duela egun batzuk, eta atzo, berriz, udalbatzarra bertan behera utzi zuten, alkateak eta hautetsi batek PCR probak egin eta etxean egon behar izan zutelako. Gaur adierazi du alkateak negatibo eman dutela biek.
PCR probak egiten ari diren erizainetako bat da Lander Goñi Astigarragako bizilaguna. Ikasketak amaitu berri iritsi da Getariara, eta pozik da, aurreneko esperientzia hain berezia izan arren. "Batzuk beldurtuta etorri dira, beste batzuk lasaiago, baina orokorrean ondo datoz denak. Haurrek negar egiten dute, hori bai". Proba egin dutenek ez dute galdera askorik egin. Emaitzak noiz jasoko dituzten, eta bitartean etxean egon behar duten galdetu dute gehienek. "Emaitza hurrengo egunean, sakelako telefonoan jasoko dute, eta etxean egotea gomendatzen dugu emaitza jaso arte", azaldu du.
Juan Nicolas Alberdi da PCR proba egin duen getariarretako bat. Eguerdi aldera bertaratu da, eta amaitu duenean umoretsu zen. "Ardo bat hartu eta hona etorri behar? Sikiera debalde hartu izan bagenu, baina hura ordaindu eta orain hemen! Gainera, oraintxe da txibi garaia, eta gaur etxean egon behar... Gu joaten ez bagara beste norbaitek hartuko ditu! Horrexek ematen dit pena, ez honek, kar-kar-kar". Bastoitxoa sudurzulotik sartuta hartzen dute lagina PCR proba egiteko, eta minik ez, baina azkura ederra ematen duela aitortu du Alberdik. Proba segituan egiten delako gustura da. Emaztea eta biak izan ziren Politenan uztailaren 9 eta 12 artean, eta kuadrilla hartan azpeitiarrak ere bazirela esan du, eta haiekin harremanetan jarri direla, elkarri informazioa emateko.
PCR proben goizeko saioa amaitzeko ordubete eskas falta zenean gerturatu da Juan Ignacio Zunzunegi Sahatsaga kiroldegira, kezkatuta, bere inguru hurbilarekin egon delako azken egunotan. Aurreko batean Getarian bazkaria izan zuen, eta ostean trago bat Politena tabernan hartu zuen. Edalontzitik edan zuela-eta, badaezpada, Osasun Sailak hala gomendatuta, proba egitera gerturatu da. Sartzera zihoanean, orduantxe atera da kiroldegitik Joritz Zunzunegi zestoarra, aurrekoaren senidea. Adierazitako arrazoi beragatik gerturatu da Getariara proba egitera, establezimenduan kontsumitzeagatik. Sintomarik ez duela izan adierazi du, ondoezik ere ez, eta proba egitea "desatsegina" den arren, "kezkak uxatzeko egin behar" dela dio.