Atzo jakinarazi zuten azken orduetan bi koronabirus kasu berri atzeman zituztela Getarian, eta gaur goizean hirugarrena konfirmatu dute. Haritz Alberdi alkateak egunkari honi baieztatu dio hirugarren kasua dagoela, eta atzo PCR probak egin zituztela herrian. Horregatik, uste du gaur goizean jakingo direla proba horien emaitzak.
Positibo eman duten herritarrei jarraipena egiten ari dira Osakidetzako arduradunak, jakiteko horiek zeinek egon diren harremanetan.
Atzo, aurreneko kasuen berri izatean, Udala Ulpiano Osasun Zentroarekin eta Osasun Sailarekin jarri zen harremanetan, eta protokoloa martxan ipini zutela azaldu zieten haiek: alde batetik, fokoaren hasiera identifikatzeko jarraipena egingo dute; bestetik, pertsona horiekin harreman zuzena izan dutenei PCR proba egin zieten osasun zentroan.
Udalak adierazi nahi izan zuen kasu horien berri ez zutela Osasun Sailetik jaso, eta eskatu zuten Getarian egon daitezkeen kasu positiboen berri zuzena emateko eta herritarren osasuna bermatzeko hartuko dituzten neurriak jakinarazteko. “Herritarrei adierazi nahi diegu udala egoeraren jarraipena egiten ari dela, eta Osasun Sailarekin batera, hartu beharreko erabakiak hartuko dituela. Herritarrei lasaitasuna eta babes neurriak hartzen jarraitzeko eskatzen diegu”, gaineratu zuten atzo udal ordezkariek ohar bidez.